Ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du igandean Xingolak

Intza Trula 2025eko ekainaren 11

Xingola gimnastika erritmikoko taldeko ikasle bat, koreografia bat egiten. (Utzitakoa)

Aritzbatalde kiroldegian izango da gimnastika erritmikoko ikuskizuna, 11:00etan hasita. Gaur egun, 5 eta 15 urte bitarteko 60 haur eta nerabe daude Xingolan izena emanda.

Hilabete luzez entrenatzen eta ariketa berrietan trebatzen aritu ostean, Zarauzko Xingola gimnastika erritmikoko taldeak ikasturtea amaitutzat emango du igande honetan. Emanaldi irekia eskainiko dute ikasleek Aritzbatalde kiroldegian, 11:00etan hasita, eta azken denboran ikasitakoa jendaurrean plazaratuko dute bertan.

Santi Calleja klubeko arduradunak argitu du lagunarteko emanaldi bat izango dela, haurrek "ondo pasatzeko eta gurasoei zein lagunei ikasitakoa erakusteko une bat", alegia. Egun, 60 haur inguru daude izena emanda Zarauzko gimnastika erritmikoko taldean, eta guztiek 5 eta 15 urte bitartean dituzte. Callejak zehaztu duenez, igandeko ikuskizunean taldeka, bikoteka zein banaka eskainiko dituzte koreografiak, hainbat tresna baliatuz; hala nola baloiak, zintak, uztaiak eta mazoak.

Ana Calvok entrenatzen ditu Xingolako ikasle guztiak, eta hiru hamarkada pasatxo daramatza lan horretan. Urte luzez Zarauzko gimnastika erritmikoko taldearekin egin duen lanak ere izan du saria; izan ere, duela sei urte Zarauzko entrenatzaile onenaren saria eman zioten Kirol Sarien galan.

Xingolako gimnastek eskolarteko txapelketetan parte hartzen dute urtean zehar; hala eta guztiz ere, maila handiagoko lehiaketetan parte hartzeko dohaiak dituzten gimnastak aukeratzen ditu Calvok ikasturtea aurrera doan moduan, eta beraiekin entrenamendu zehatzagoak egiten ditu, ondoren talde handiagoetara bideratzeko.

Igandeko erakustaldiaren ostean, bi hilabete inguruko atsedena hartuko dute gimnastek, irailean indarberrituta itzultzeko asmoz. Datorren ikasturtera begira jarri dira jada Calleja eta Calvo, eta kirola probatzeko interesa duten haur guztiei dei egin diete: "Ateak zabalik ditugu guztientzat".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide