Azken garroteaz haratago

Aritz Mutiozabal 2025eko ekainaren 11

Jon Benito idazle zarauztarra. (Jabi Gonzalez Toston)

Nobela berriaren sorkuntza prozesuan dihardu Jon Benitok Bartzelonako literatur egonaldian. Salvador Puig-Antichen zatia lantzen ari da, zehazki.

Bartzelona Literatur Hiria programari esker, Vi-la Joana masia mundu osoko autoreen egoitza literarioa bihurtu da. Hiru asteko egonaldiak eskaintzen ari dira bertan nazioarteko idazleei, beren sormen proiektuak garatzeko, urteko epe ezberdinetan, eta une honetan, Jon Benito ari da abaguneaz gozatzen; Etxepare Euskal Institutuak eginiko deialdi batetik aukeratu zuten sortzaile zarauztarra, hain zuzen ere. Egonaldia astelehenera arte egingo du, eta harekin batera, aldi berean, beste bi egile daude egoitzan: Anna Lekas Miller idazle eta kazetari estatubatuarra eta Dovile Kuzminskaite itzultzaile eta poeta lituaniarra.

Buru bakoitzak, nola ez, interes nahiz sormen lerro propioa du, eta Benitoren hurrengo nobelak Antonio Lopezen eta Salvador Puig-Antichen bizitzak nola gurutzatzen diren kontatuko du. Hala ere, egonaldi honetan eleberriaren zati bat ari da garatzen, Puig-Antichen kasuarekin lotura duena. Moviment Iberic d'Alliberament erakunde armatuko kidea zen hura, eta Antonio Lopez borreroak 1974ko martxoaren 2an hil zuen garrote zitalez, Bartzelonako Modelo kartzelan. Modu horretara hil zuten azkena izan zen Espainian. "Hori izan da hona etortzearen arrazoi nagusietako bat. Garaiko Bartzelonako testuingurua ezagutu nahi nuen, Puig-Antich ibili zen mugimendua eta garaia, alegia", aditzera eman du.

"Bi bitartekari jarri dizkigute behar dugun pertsonetara edo artxiboetara heltzeko". Bi egunean behin Bartzelonara joaten da, hiriburura, beharrezko zaizkion ikerketa lanak egitera, artxibo nagusiak kontsultatzeko, historialariekin edo garaiko jendearekin elkarrizketak egiteko edo Modelo kartzela zaharra bisitatzeko. "Horrelako aukerak ematen dizkigute bitartekariek. Kontaktuak egin eta gauzak bideratzeko erraztasunak eskaintzen dizkigute. Beraz, egun bat sortzeari eskaintzen diot, eta bestea dokumentazio lanari".

Xehetasunetara

Duela urtebetetik bazeukan eleberriaren zirriborro bat egina Benitok, eta egonaldiaren aukera ikusi zuenean, lanari bultzada eman ziezaiokeela iruditu zitzaion. Eta hala izan dela aitortu du. "Bitartean, kasuaren inguruan, Puig-Antichi buruzko biografia guztia irakurri dut, eta pentsatzen aritu naiz nola hurbildu literarioki ere. Egonaldiak aukera eman dit xehetasunetara hurbiltzeko edo detaile gehiagoz sakontzeko gaia", zehaztu du.

Espero ez zuen ezer ez du aurkitu. Baina liburuetatik aparte, badaude garai hartako ideiak, bizipenak, kontraesanak eta beste hainbat gauza. "Interesgarria da jende hura duela 50 urte gertatu zena beste perspektiba batetik ikusten eta irakurketak egiten jasotzea. Nahi ala ez, gaira hurbiltzeko, garai hura bizi izan zuen jendearekin bildu naiz eta artxiboetara jo behar izan dut. Azken finean, ez nintzen hemen egon eta ez nuen hura bizi izan. Zentzu horretan, idazteko esperientziaz aparte, dokumentazio eta ikerketa lana ezberdina izan da niretzat".

"Egonaldiak aukera eman dit xehetasun gehiagotan sakontzeko"



Iaz Puig-Antichen exekuzioaren 50. urteurrena izan zen, eta hainbat ekitaldi egin zituzten Bartzelonan hura gogoratzeko. "Garrotez hil zuten frankismoko azken pertsona izan zen, baina tartean niretzat interesgarria suertatzen den dilema bat gertatzen da: pertsonari buruz hainbat gauza egin dira –liburuak, filma eta abar–, eta bada zerbaiten ikono, baina, aldi berean, oso desideologizatuta edo hustuta kontatu da. Hil egin zuten, baina ez dute bere testuinguru eta jardun politikoa zein zen azaldu. Nik egin ditudan elkarrizketek eta jende horrengana hurbiltzeko saiakerek motibazio hori zuten", dio zarauztarrak.

Elkarrizketa dezentetan, gainera, ondorengoa jaso duela gehitu du: "Orain oroitu dute, baina gertatu zen garaian oso babes txikia jaso zuen. Inolako alderik ez urtebete geroago Txikik eta Otaegik jasoko zutenarekin".

Askatasun literarioz

Idazleak badu eztabaida bat eleberria osatzeko orduan; hots, nola txertatu elementu nobelistikoak gertakari historiko baten. "Noraino konta ditzaket errealitatean oinarritutako istorioak? Badaukat horri buruzko barne gatazka bat, eta, egia esan, ez daukat interes berezirik gauzak gertatu ziren bezala kontatzeko. Hori beste liburu batzuetan topa daiteke, eta pelikula bat ere egin zuten. Niri gehiago interesatzen zait askatasun gehiagoz idaztea, modu literarioz".

"Orain oroitu dute, baina bere garaian oso babes txikia jaso zuen Puig-Antichek"

Egonaldia amaitu bezain azkar, sormen prozesuaren memoria eta nobelaren lagina aurkezteko asmoa du Benitok: "Argitaratzeko obligazio berezirik ez dute jartzen. Helburu nagusia da aste hauetan lan egin dudala erakustea". Hala ere, ez du baztertzen aurrera begira eleberria argitaratzea, baina Bartzelonan idazten ari den zatiarekin badu nolabaiteko ardura. "Lehen pertsona singularrean idazten ari naiz Puig-Antichen pasartea, baina nik ez dakit zer pentsatzen zuen hark, ezta zer sentitzen zuen ere. Eman didate bere arrebaren kontaktua, eta, agian, idatziko diot, baina kezka daukat pertsona erreal bat zenbateraino fikziona dezakedan".

Literaturak pertsona baten psikologian edota haren motibazio humanoetan sartzeko balio duela nabarmendu du idazleak: "Ni ahalegin hori egiten ari naiz Puig-Antichekin; hura ulertzen saiatzen ari naiz, eta ez soilik dimentsio bakarreko pertsona bat aurkezten".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide