Ekainaren 23an Antton Lopez Kubati zarauztarra epaituko dute Audientzia Nazionalean beste lau kiderekin batera, eta sei eta bederatzi urte bitarteko kartzela zigorrak eskatzen ditu Fiskaltzak eta akusazio partikularrak beraientzat. Zarauzko Sorturen esanetan, Ongi Etorri bezala aurkeztu den epaiketaren helburua da "gatazka politikoa eta bere ondorioak luzatzea", zarauztarraren eta beste kideen kartzelaratzearekin batera.
"Egoera larri horren aurrean", kokapen politikoa eta azalpenak ematea "beharrezkoa" ikusten du Zarauzko taldeak, eta hori dela eta, batzar irekia antolatu dute ostegunerako Arranon, 18:30ean hasita. Zarauzko Ezker Abertzaleak adierazi duenez, "bada garaia gatazka politikoa eta ondorioak konpontzeko", eta horrek "kartzelak hustea eta ihesean dauden militante politikoak etxeratzea" dakar. "Epaiketa hau kontrako norabidean doa eta ez dugu onartuko horrelakorik", azpimarratu dute.