Euskal Selekzioak nagusitasunez irabazi dio Finlandiari

Intza Trula 2025ko eka. 9a, 10:30

Basque Country International Cup-en barruan, gizonezkoen senior mailako bi taldeek neurketa jokatu zuten larunbatean Aritzbatalden. 32-22 gailendu zen Euskal Selekzioa.

Euskal Selekzioak mendean hartu zuen Finlandia Aritzbatalde kiroldegiko kantxan, zale ugariren aurrean. Larunbat eguerdian jokatu zuten norgehiagoka bi selekzioek, Euskal Eskubaloi Federazioak antolatuta. Eroso aritu zen Euskal Selekzioa Zarauzko kiroldegian, eta hamar goleko aldearekin irabazi zion aurkariari: 32-22 amaitu zen partida, hain justu ere.

Basque Country International Cup-en barruan jokatu zuten neurketa, eta jende mordoa bildu zen harmailetan Euskal Selekzioko jokalariak animatzeko asmoarekin. Giro polita izan zen nagusi partida osoan zehar, bai selekzioen bai zaleen artean.

Topaketa Zarautz Eskubaloiaren eta Leizaran Eskubaloiaren elkarlanaren emaitza izan zen, eta Zarauzko eta Andoaingo udalen, Eusko Jaurlaritzaren, Basque Teamen, EKFBren eta Federazioaren enpresa laguntzaileen babesa izan zuen.

(Argazkiak: Luis Epelde)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide