Mefsst jaialdia, kulturaren eta musikaren topaleku

Julene Sorarrain 2025ko eka. 7a, 15:15

Musika Errebolta Feministak antolatutako jaialdia ospatzen ari dira Hiruputzun. Eguna produkzio tailerrarekin eta errezitaldi musikatuarekin hasi dute. Arratsaldean ere izango da ospakizunik: Alu Zikinak, Mikosis, Puttaneska, DJ Gurebesta eta La Fulana musikariek girotuko dute gaztetxea. 

Mefsst Musika Errebolta Feministaren jaialdia ospatzen ari dira Hiruputzu gaztetxean, eta egun osoko egitaraua prestatu dute ospakizun horren harira.

Goizean goiz hasi dute eguna autoproduzkio tailerrarekin. Bertan, Manex Pagolaren gidaritzapean, produkzio elektronikoa, audio grabaketa, edizioa eta konposizioa lantzen aritu dira, besteak beste. Jarraian, gaztetxeko lehen solairura jaitsi, eta bertaratu direnek Podama taldearen errezitaldiaz gozatu dute. 

Pomadak Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa lana taularatu du, irlak berba abiapuntu hartuta, taldekideek gitarrarekin eta teklatuarekin laguntzen zuten bitartean.

Arratsaldean ere izango da ospakizunik, izan ere, hainbat izango dira gaztetxeko oholtzara igoko diren musikariak: Alu Zikinak, Mikosis, Puttaneska, DJ Gurebesta eta La Fulana. Kontzertuetarako sarrerek 10 euro balio dute, eta gaztetxean bertan erosi ahalko dira. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide