Mefsst jaialdiak hartuko du Hiruputzu gaztetxea bihar

Julene Sorarrain 2025ko eka. 6a, 12:00

Zetkin taldearen kontzertua, Mefssten iazko martxoko ekitaldian. (Sara Odriozola)

Musika Errebolta Feministak antolatuta, autoprodukzio tailerra, kontzertuak eta DJ saioak eskainiko dituzte egun osoan zehar Zarauzko Hiruputzu gaztetxean.

Mefsst Musika Errebolta Feministaren jaialdiak hartuko du bihar Hiruputzu gaztetxea, eta egun osoko egitaraua prestatu dute ospakizun horren harira. 

Goizean goiz hasiko dira Ableton programa ezagutzeko autoproduzkio tailerrarekin. Bertan, produkzio elektronikoa, audio grabaketa, edizioa, konposizioa, muntaia eta nahasketa landuko dituzte Manex Pagolaren gidaritzapean. "Zerotik hasiko gara eta tailer oso praktikoa izango da, nahiz eta hasieran teoria apur bat azaldu. Helburua da autoprodukziora gerturatzea, sinergiak, harreman berriak eta loturak sortuz", azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek. 

Tailerra 11:00etatik 13:00etara bitartean izango da, eta aurretik izena eman beharko da parte hartzeko, antolatzaileek beren sare sozialetan partekatu duten galdetegiaren bitartez. 

Proposamen betea

Eguerdi partean, 13:30ean zehazki, Pomada taldeak Maitaleen hiztegi baterako zirriborroa lana taularatuko du. Sexu genero disidentziak zeharkatutako bost lagunek osatzen dute Pomada literatur banda, eta irlak berba izango dute abiapuntu biharko saioan.

Emanaldiaren ondoren, bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta indarrak berreskuratu ostean, musika izango da arratsaldeko protagonista. Hainbat izango dira gaztetxeko oholtzara igoko diren taldeak. Alu Zikinak pues-punka jorratzen duen taldea da, eta beren emanaldietan, "sare sozialen ordez, sare transfeministak" eraikitzen dituzte. Gernikako (Bizkaia) Mikosis taldea, aldiz, rock eta post-punk generoetan murgiltzen da. Carla, Garazi eta Ane Mei partaideek osatuta, "soinu gordin, ilun eta zikinekin" jolasten du hirukoteak. Azkenik, Puttaneska (de momento) Euskal Herrira itzuliko da, "eder bezain basati". 

Kontzertuen ostean, DJ saioak eskainiko dituzte gaua girotzeko. Gurebesta izango da lehen artista. Espazio autogestionatuetan aritzea du gustuko, "giro transfeminista eta queer-etan", hain zuzen ere. "Lagunentzat, kide politikoentzat eta lagun edo kide politiko izatea nahiko luketenentzat" dira haren saioak, eta jendeak gorputz osoarekin dantza egitea gustatzen zaio bera musika jartzen ari denean. Ondoren, La Fulanaren txanda izango da. Donostiatik dator, eta ez dira inoiz falta "merengitoa eta roneoa" bere proposamenen artean. "La Fulana sortu nuen transfeministok espazio oro gurea ere badela aldarrika dezagun". 

Kontzertuetarako sarrerek 10 euro balio dute, eta gaztetxean bertan erosi ahalko dira. Gainera, musika emanaldiak ez ezik, afaria ere eskainiko dute bertaratzen direnentzako. 

Musika Errebolta Feministak dagoeneko zenbait urte daramatza musika eta kultura ekitaldiak antolatzen. "Lagun transfeminista musikazale talde bat gara, zuk zeuk egin filosofiarekin bat egiten duguna. Gustatzen zaigun musika entzunez, dantzatu, sortu, antolatu, ezagutu, hausnartu eta ondo pasatu nahi dugu". Musika eszenako edota giro batzuetako "gizonen presentziak eta, oro har, espazioa okupatzeko modu esklusiboek" askotan nekatu egiten dituztela esan dute kideek, eta egoera horren irtenbide moduan sortzen dituzte ekitaldiak. 

Elkarteko kideek onartu dute "zenbaitetan, zorionez ez beti, baina zenbaitetan bai, nesken, bolleren eta beste subjektu batzuen falta" sumatzen dutela, bai oholtza gainean, baita publikoan, antolakuntza taldean edota tabernetan ere. "Ez-tipoz" osatutako musika taldeak eta kontzertuen antolatzaileak egon badauden arren, jaialdiaren helburua da beti agerian ez dauden horiek entzun, ezagutu eta ikusaraztea.

Etiketez haratago

Antolatzaileek "gero eta gehiago" direnaren sentsazioa dute, eta horrek pozik sentiarazten ditu. Izan ere, musika generoez eta etiketez aritzea konplexua den arren, "giro transfeministan punka, punk-rocka, post-punka edota rock-and-rolla entzuteko oso gogotsu" daudela esan dute, baita beste genero batzuetako edo generoz kanpoko "doinu, zarata eta builak" entzuteko ere. "Zirrara sortzen digu musika zuzenean entzuteak, kalean dantza egiteak eta pintxadetan dena emateak".

Horretarako, ordea, "espazio seguru eta queer-ak" sortzea beharrezkoa ikusten dute, eta hori da beraien helburua. "Gune hauek sortzeko, diskurtsoari presentzia ematen saiatzen gara, sarreran eskuorriak banatuz eta kontzertuen aurretik gure mezua zabalduz". 

Bestalde, antolatzaileek jakinarazi dute larunbateko jaialdian ez dela inolako erasoak onartuko, hala nola arrazistak, xenofoboak, lesbofoboak, transfoboak eta sexistak. Lehen lerroak zaintzeko deia ere egin dute: "Baimenik gabeko argazkiak ez ateratzea, ingurukoak ez gogaitzea, errespetuz ligatzea eta gozatu eta gozaraztea da helburua".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide