Bertol Arrieta: "Gutxirekin asko esaten ahalegindu naiz, drama handirik gabe"

Mireia Galarza Bastida 2025ko eka. 6a, 11:00

Bertol Arrieta, liburuaren azalarekin. (E. Pociello)

«Intuizioari jarraika». Horrela idatzi du Bertol Arrieta idazle zarauztarrak bere azken liburua: Diesel. Egunerokotasuna «azelerazio handirik gabe» bizi duten pertsonaiak ditu protagonistatzat.

2004an bere lehen literatura liburua argitaratu zuenetik, hainbat eta hainbat lan sortu ditu Bertol Arrieta (Zarautz, 1975) idazle, irakasle, gidoilari eta zinema zuzendariak. Zerrendako azkena da Diesel, zazpi ipuinez osatutako narrazio liburua.

Ezer ez dakien norbaiti nola aurkeztuko zenioke Diesel?

Elkarrengandik oso desberdinak diren zazpi ipuinez osatuta dagoen narrazio liburua da. Hala eta guztiz ere, denek dituzte pertsonaia diesel-ak, alegia azelerazio handirik gabekoak eta helburu txikiak dituztenak beren errutinan. Horiei aurrera egin nahian bizi dira. 

Antzekotasunak ere badituzte, beraz. 

Bai, pertsonaiek ez dute errutinari aurre egiteko grin handirik, eta nolabait, gizakiaren alderdirik eskasena erakusten dute. Enbidia azaltzen da, jeloskortasuna, bakardadea, ezkortasun puntu bat, malenkonia, nostalgia... Dena dela, horiek guztiak agertu arren, umore sarkastiko eta ironiko puntu bat ere ageri da hainbat kontakizunetan. Aritz Galarraga editoreak esaten zidan hori; hau da, ipuin asko irribarre batekin irakurri zituela. Hondo-hondoan ikuspegi bitalista bat topatzen omen zuen. 

Barreneko asmo horren bila joan al zara zu?

Ez, ez, baina asko poztu nintzen hori entzutean. 

Idazlea izateaz gain, beste hainbat diziplinatan diharduzu. Horiek busti al dute kontakizuna?

Arteari buruzko hainbat eta hainbat erreferentzia daude liburuan. Ipuin bat duela pare bat urte hil zen Iñigo Salaberria lagun eta zinemagile esperimentalari buruzkoa da, eta zinemaz blai dago; hamaika pelikularen izenburu eta erreferentziak daude bertan. Beste bat, adibidez, margolari bati buruzkoa da. Horregatik diot artea oso presente dagoela kontakizunetan. Ez da bilatutako zerbait izan, atera egin zait. Izan ere, liburua idazterakoan ez naiz helburu finko baten bila joan. 

Zergatik bereizi duzu narrazioa zazpi ipuinetan?

Agian zortzi gehiegi zirelako eta sei gutxiegi [barrez]. Azken bozpasei urtetan sortutakoak dira guztiak, eta gehiago banituen arren, ez ditut guztiak sartu. Egokienak iruditu zaizkidanak aukeratu ditut. 

Askotan zerbait handia kontatu nahi izaten da. Sinpletasun eta gordintasunean, baina, bada zer kontatua, ezta?

Bai, bai, eta ni horretan saiatu naiz. Gutxirekin asko esaten ahalegindu naiz, ipuin hauetan ez dagoelako drama handirik, ez eta gidoi buelta nabarmenik ere. Behin esaten hasita, ez dago amaiera harrigarririk; alderantziz, bukaerak irekita utzi ditut, bizitzaren ziurgabetasunaren eta kaosaren erakusle moduan. 

Aurkezpenean zenioen teorizatu gabe idatzi duzula liburua. Zer esan nahi duzu horrekin?

Intuizioari jarriki idatzi ditudan ipuinak izan dira, eta ez naiz konkretuki ezeren bila joan. Lehenbiziko liburua duela hogei urte argitaratu nuen gutxi gorabehera, eta prozesua erabat desberdina izan zen. Ipuina idazten hasi aurretik, istorioaren eskema guztia eginda neukan, hasieratik bukaerara. Eskema horretara gerturatzeko idazten nuen, eta oraingoa alderatzizko zerbait izan da. Orain abiapuntu bat izan dut, xehetasun bat, tonu edo esaldi bat, eta horri tiraka gehiegi pentsatu gabe idatzi dut. Horrek, egia da, zuzenketa prozesu landuagoa eskatzen duela, baina hor ere saiatu naiz hasierako asmoa gehiegi ez aldatzen. Freskotasuna mantentzea izan da lehentasuna. 

Eta nola sentitu zara horrela idazten?

Askoz hobeto. Dibertigarriagoa da, zuk zeuk ere ez dakizulako zer gertatuko den. Idatzi ahala zu zeu ari zara istorioa ezagutzen, eta horrela gehiago disfrutatu dut. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide