Saltokietako telefonoak nerabeen eskura jarri dituzte, mugikorraren erabilera atzeratzeko asmoz

Intza Trula 2025ko eka. 6a, 10:00

Guk 16 taldeko eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteko ordezkariak, Xabier Txurruka alkatearekin eta Irune Urbieta Hezkuntza eta Gazteria zinegotziarekin kanpainaren aurkezpenean. (Intza Trula)

Erabili gurea lasai kanpaina abiatu dute Guk 16 plataformak, Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak eta Zarauzko Udalak. Herriko 33 saltokitako telefonoa erabili ahal izango dute nerabeek behar dutenean, baita zenbait udal eraikinetakoa ere.

Nerabeen mugikorraren erabilera atzeratzeko asmoz, Erabili gurea lasai kanpaina abiatu du Guk 16 plataformak, Murkil Zarauzko Dendarien Elkartearekin eta Zarauzko Udalarekin elkarlanean. Kanpainari esker, nerabeek herriko eraikin publikoetan eta zenbait dendetan dauden telefonoak erabili ahal izango dituzte behar dutenean, sakelako propioa erabili gabe.

Zarauzko Guk 16 taldea Altxa Burua mugimendua osatzen duten 180 taldeetako bat da. EAE osoan dago hedatuta Altxa Burua, eta 2019. urtean du sorburua. Ordutik, hainbat jarduera eta sentsibilizazio kanpaina burutu ditu, haurrei sakelako telefonoa emateko adina atzeratzeko helburuarekin. Gipuzkoan hasi zuen bere jarduna, eta Araba, Bizkaia eta Nafarroako herri batzuetara zabaldu da jada; gaur egun, 20.000 atxikimendutik gora duen mugimendua bilakatu da.

Zarauzko Guk 16 taldea Salbatore Mitxelena ikastolako, Orokieta Herri Eskolako, La Salle ikastetxeko, Antoniano ikastetxeko eta Lizardi institutuko hainbat gurasok osatzen dute.

Hainbat puntu herrian zehar

Hori horrela, herriko 33 saltokik bat egin dute Erabili gurea lasai ekimenarekin, eta beraien telefonoak nerabeen eskura jarri dituzte. Saltoki horiek identifikatzeko, erakusleihoei erreparatu beharko zaie; izan ere, ekimenean parte hartzen dutela erakusten duen pegatina bat izango dute bertan itsatsita.

Horrez aparte, zenbait eraikin publikoetako telefonoak ere erabili ahal izango dira; hala nola, kiroldegikoa, malekoiko informazio puntuetakoak, Ludotekakoa, euskaltegikoa, liburutegikoak, Turismo Bulegokoa eta Gaztelekukoa.

Kanpaina honen helburuak dira, besteak beste, haurrei mugikorrak edota bestelako gailu elektronikoak erabiltzeko beharra gutxitzea, komunitateko kideen laguntza, babesa eta koordinazioa indartzea eta haurrek esparru publikoa berreskuratzea eta erabiltzea, kaleak eta auzoak ezagutu eta seguru sentitzea sustatzeko.

Zaintza komunitarioa

Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen esanetan, udalak "begi onez" ikusi zuen hasieratik Erabili gurea lasai kanpaina. "Nerabeek geroz eta lehenago eskuratzen dute sakelako telefonoa, eta arazo horri aurre egin nahi diogu", gehitu du.

Miren Ros Guk 16 taldeko ordezkariak "zaintza komunitarioa" sustatzeko beharrean egin du azpimarra. Kanpainarekin mugikor propioa izatearen beharra gutxitzeaz aparte, bertan parte hartzen duten establezimenduak umeentzat "puntu seguruak" izan daitezen bultzatu nahi dute. Ekimena martxan jarri den beste herrietan "emaitza onak" lortu dituztela aitortu du ordezkariak, eta Zarautzen ere "bide bera" jarraitzea espero dutela.

Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteko presidente Aitziber Davilaren iritziz, "ekimena interesgarria da", eta merkatariek "funtzio soziala" ere badutela erakusten du.

Oraindik izena eman ez duten dendek kanpainan parte hartu nahi izanez gero gatc@zarautz.eus helbidera mezua bidali dezakete.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide