Euskara

Mertxe Arizti: "Norberarentzat ere oso aberasgarria da"

Aitziber Arzallus 2025ko eka. 7a, 10:00

Mertxe Arizti Mintzalaguna. (Utzitakoa)

Zarautz Guka aldizkarian, AEKrekin elkarlanean, Mintzalagun programan dabiltzan herritarrei elkarrizketa egiten zaie hilero. Apirileko aldizkarian Mertxe Arizti izan da protagonista.

Mertxe Arizti (Aia, 1937) Zarauzko Mintzalagun programako beteranoetako bat da; egitasmoa martxan jarri zuten urtean bertan eman zuen izena bidelagun gisa, eta rol horretan jarraitzen du oraindik ere.

Noiztik parte hartzen duzu Mintzalagun egitasmoan?

Orain dela 11 urtetik, hasi zenetik.

Nolatan hasi zinen?

Orduan ere eskatzen ari ziren, euskaldun zaharrak nahi zituztela, behar zituztela, eta alabak esan zidan zergatik ez nuen izena ematen. 'Ni nola apuntatuko naiz ba?', pentsatu nuen, baina animatu egin ninduen, berak apuntatuko ninduela, eta halaxe hasi nintzen, bere lagunekin.

Eta zer egiten duzue?

Astean behin gelditzen gara, asteazkenetan, 16:00etan, ordubetez. Normalean tabernaren batean edo kafetegiren batean elkartzen gara, eta egiten duguna da hitz egin, lehengo kontuez, astean zehar pasatu zaizkigunez... edozertaz, baina hitz egin.

Elkarrizketa horietan besteek egiten dituzten akatsak zuzentzen jarduten al zara?

Beraiek galdetzen didate 'hau ondo esan al dut?', edo zerbait esaten ez badakite, 'hau nola esan dezaket?'. Pixka batean utzi egiten diet, eta ez badute asmatzen, orduan neuk esaten diet.

11 urte hauetan jende dezente ezagutzeko aukera emango zizun Mintzalagunek, ezta?

Bai; azken bi edo hiru urteotan berdintsuekin elkartzen naiz, baina aurretik beste batzuekin ere ibilitakoa naiz, eta hasierako haiek ere, gehientsuenek, hiru edo lau urte egin zituzten. Bateren batek lana topatu duela eta ez daukala ordu horretan etortzerik eta horrelakoak gertatzen dira, baina azken bi edo hiru urteotan seirekin elkartzen naiz, eta seirak fin-fin etortzen dira.

Zure kideak zer profiletako jendea dira?

Pare bat hemen jaioak dira, bestea jaio eta berehala ekarri zuten, beste bat Albaceten (Espainia) jaioa da, beste bat nafarra da, eta bestea Elgoibarren jaioa.

Eta zuk zeuk zer, bizitza guztian euskaraz egin izan al duzu?

Ez genekien erdaraz eta... Beti zigortuta egoten ginen euskaraz hitz egiten genuelako.

Mintzalagun bezalako egitasmoak garrantzitsuak iruditzen al zaizkizu euskara ikasten ari direnentzat?

Bai, oso garrantzitsuak gainera. Udan bi hilabete jai egiten ditugu, eta bueltan, berriz elkartzen hasten garenean, asko igartzen diet ez dutela euskaraz batere hitz egin; baita hamabost egunean ere. Izan ere, nirekin euskaraz egiten dute, baina gure ordubetea pasatu eta topo egiten duten aurrenarekin erdaraz hasten dira. Nirekin denek euskaraz egiten dute, badakidalako nik hala egiten dudala, baina gainontzekoekin, ez.

Zer esango zenieke bidelagun gisa izena eman edo ez zalantzan dabiltzan herritar horiei?

Animatzeko, ez dutela hozkarik egiten. Agian jendeari irudituko zaio sekulako ahalegina dela horrelako egitasmo batean parte hartzea, baina ez, norberarentzat ere oso aberasgarria da. Konpromisoa hartzen baduzu, betebehar bat da, baina ni gustura joaten naiz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide