Nahia Zarauzko Artisten Elkarteak Ekaineko II. Azoka antolatu du igande honetarako. Malekoian jarriko dituzte postuak, Galtxagorri elkartearen ondoan, eta egun osoan zehar izango da sortzaileak zein beraien produktuak ezagutzeko aukera. 10:30ean zabalduko dute azoka, eta 20:30era arte iraungo du.
Orotara, hogei artisau eta sortzailek jarriko dute mahaia, sormena eta tradizioa uztartzen dituzten produktuekin: hala nola zapiak, belarritakoak, poltsak eta panpinak erosi ahal izango dituzte gerturatzen direnek.
Gainera, antolatzaileek jakitera eman dutenez, azokan egiten diren erosketen artean Kirkila jatetxean jatordu bat zozkatuko dute.