Zarauzko Bi Harri Txapelketa jokatuko dute larunbatean Aritzbatalde kiroldegiko frontoian, ZKE Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatuta. Aurreko urteetan bezala, hamabi harri jasotzaile ariko dira txapela eskuratzeko lehian: sei emakume eta sei gizon, hain justu ere. 17:30ean hasiko da kirol ikuskizuna, eta sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira, 5 euroan. 16 urtez azpikoek eta ZKEko bazkideek, aldiz, doan sartzeko aukera izango dute.
Hala, Jai Txiki eta Mollarri harri baldarrekin jokatuko dute txapelketa. Gizonezkoek erabiliko duten Jai Txiki harriak 117 kilo pisatzen ditu, eta emakumezkoenak, berriz, 68 kilo. Bestalde, gizonezkoen Mollarri harriak 119 kiloko pisua du, eta 64 kilo ditu emakumezkoenak.
Hori horrela, altxaldi gehien egiten dituzten harri jasotzaileek irabaziko dute Zarauzko Bi Harri Txapelketa, eta zozketa bidez erabakiko dute nork emango dion hasiera lehiari. Gaur arte, emakumezkoen errekorra Ainitze Zumetak du, iaz lortu zuen markari esker. Urte horretan, 31 jasoaldi egin zituen, hamasei Jai Txiki harriarekin eta hamabost Mollarri harriarekin. Gizonezkoetan, berriz, Mikel Lopetegi Urra-k du errekorra, 2019an egindako lanagatik.
Seina emakume eta gizon
Urteroko protagonistak eta aurpegi berriak ikusi ahal izango dira igandean Aritzbatalden. Emakumeetan, iazko txapeldun Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi gesalaga zarauztarrek, Sara Jimenez de Aberasturi eta Eider Garcia Durana arabarrek eta Estefania Etxebeste iturendarrak parte hartuko dute.
Mutilen kasuan, Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, Paulo Azpiazu Zarauzko bizilaguna, Aimar Galarraga eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV. aiarrak, Gorka Etxeberria oriotarra eta Iker Sojo gasteiztarra ariko dira garaipenaren lehian.
Seina emakumek eta gizonek neurtuko dituzte indarrak larunbateko txapelketan, eta bi harri baldarrak jaso beharko dituzte txandaka, zazpi minutuko denbora tartean.