Bilbon izandako hilketa matxista salatu dute euripean

Onintza Lete Arrieta 2025eko ekainaren 4a

Atzoko elkarretaratzea Lege Zaharren Enparantzan. (Onintza Lete Arrieta)

Indarkeria matxistari erantzun, autodefentsa feminista lelo hartuta egin zuten elkarretaratzea atzo arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan.

Gizon batek 13 urteko alaba erail zuen joan den ostiralean, Bilbon, eta bere bikotekidea larriki zauritu. Jarraian, bere buruaz beste egin zuen gizonak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak krimen bikariotzat jo du zuen gertatutakoa. Hilketa matxista hori salatzeko eta gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiriburuetan, eta Zarautzen atzo egin zuten protesta, 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan. 

Indarkeria matxistari erantzun, autodefentsa feminista leloa zuen pankartaren atzean eta euripean elkartu ziren herritarrak, eta amaieran irakurritako idatzian, gizonezkoei eskatu zieten har dezatela beren ardura: "Beti esaten dugu egiturazko aldaketaren beharrean gaudela, baina egitura ez du ezeresak sostengatzen, ez da ezerezetik sortzen. Egiturazko aldaketak egoteko, gizonek dagokien ardura hartzen hasi behar dute, gertakari hauek ez direlako ezustekoak".

"Batzuei molestatu arren", feministek borrokan jarraituko dutela azpimarratu zuten "hilketa eta eraso matxista eta bikarioiei aurre eginez". 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide