Mugi sistemaren onurez gozatzen jarraituko dute herritarrek

Aritz Mutiozabal 2025ko eka. 4a, 09:00

Azahara Dominguezek eta Xabier Txurruka, hitzarmena sinatzen. (Aldundia)

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente Azahara Dominguezek eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak lau urterako berretsi dute hitzarmena.

Zarautzek Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan jarraituko du, GGLAko presidente Azahara Dominguezek eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak hitzarmena luzatu ondoren. Hori horrela, herriko autobusetako erabiltzaileek Mugi sistemaren abantaila guztiez gozatzen jarraituko dute.

Hitzarmen hau Gipuzkoako Lurralde Historikoan tarifak integratzeko sistema ezartzeko lankidetza-protokolo orokorraren barruan dago. Lau urtera arteko luzapena izango da, eta Mugi sistemaren jarraipena bermatzen du herrian. Era berean, aukera ematen die erabiltzaileei txartel bakarra, zonakatze komuna, garraioa gehien erabiltzen dutenentzako deskontu progresiboak, beren kolektiboaren araberako hobariak eta doako transbordoak izaten jarraitzeko, besteak beste.

"Abantaila ugari ditu erabiltzaileentzat, eta funtsezko tresna da Gipuzkoan garraio publikoaren erabilera sendotzeko. Horregatik, ezinbestekoa da sistema honetan dauden udalek, hala nola Zarautzek, berarengan duten konfiantza berrestea", nabarmendu du Dominguezek.

Xabier Txurruka alkatearen esanetan, gero eta zarauztar gehiagok erabiltzen dute txartela garraio publikoan herri artean mugitzeko edo hiriburuetara joateko. "Mugi sistemaren hitzarmena luzatzeak aukera emango digu bere hobariez eta txartel bakarraren aplikazioaz gozatzen jarraitzeko”, zehaztu du alkateko.

GGLAko presidenteak gaineratu du urratsak ematen jarraituko dutela "pertsona guztien aukera berdintasuna bermatuko duen puntako garraio publikoko sarea eraikitzeko".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide