Joan den igandean egin zuten lehendabizikoz 9 eta 12 urte bitarteko gaztetxo irakurleen topagunea Zarautzen, Salbatore Mitxelena ikastolan. Nerea Loiola Zarauzko taldeko dinamizatzailea "oso pozik" agertu da lehen edizioarekin, bere esanetan, "egun oso polita" igaro baitzuten elkarrekin. Guztira, 100 gazte inguru elkartu ziren, denak irakurzaletasuna atsegin dutenak.
Goizean elkartu ziren gaztetxoak, eta elkar ezagutzeko ekintzak egin zituzten lehenik: gutun kidea topatzeko jolasak, koaderno bat egin egunean zehar bururatutako ideiak idazteko... Jarraian, hiru txokotan bereizi zituzten parte hartzaileak, hainbat tailerretarako: ahozko kontakizuna lantzeko txokoa, poesia lantzekoa eta ipuin kontaketa eremua. Arratsaldean, aldiz, bestelako ekintzak egin zituzten, besteak beste eskulanak eta mahai jolasak.
Igandekoa estreineko aldia izan zen, baina ez azkena. Izan ere, dinamizatzaileak aurreratu du badutela asmoa aurrera begira beste herrietan ere horrelako topaketak antolatzeko.