Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina jarri zuen martxan udazkenean, eta berriro berreskuratu dute udaberriarekin batera. Kanpainaren helburuak dira "kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea", beraien esanetan, lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, "funtsezko elementua" delako jasangarritasuna bultzatzeko.
Guztira, bost panel jarri dituzte udalerriko hainbat lekutan, sasoiko bost produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi dituzten kontzeptuekin: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua. Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da Guka Telebistan, eta beste labur batzuk botako dituzte sare sozialetan.
Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak udaberriko parte hartzaileak zerrendatu ditu. Batetik, Maite Jauregi eta Mikel Eizagirre ama-semeak, Gurmendi baserriko ustiategia erakusteko, eta, bestetik, Nerea Ollokiegi, Zarauzko Udaleko teknikaria, Garapen Jasangarrirako helburuak partekatzeko. "Herritarrak animatzen ditugu sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera”, gehitu du Illarramendik.