Pasa den asteburuan jokatu zuten Madrilen 17 urtez azpiko Espainiako Halterofilia Txapelketa, eta bertan izan ziren Zarauzko hainbat kirolari ere. Denera, herriko sei kirolarik hartu zuten parte, eta guztira, hiru zilar eta bost brontzerekin itzuli dira etxera. Hain zuzen ere, Erik Exposito, Alex Balentziaga, Lore Mendizabal, Mara Monasterio, Lide Mendizabal eta Ainhoa Urkiola izan ziren Zarauzko taldearen ordezkari Espainiako hiriburuan.
Jaizki Mendizabal eta Imanol Zulaika entrenatzaileek lagunduta, hirugarrenez lortu dituzte zarauztarrek dominak txapelketa horretan, eta denen artean Euskadiko sei errekor gainditu dituzte. Gainera, txapelketa honekin amaitu dute gazte gehienek ikasturtea. Balentziagak, Mendizabalek, Monasteriok eta Urkiolak, baina, Europako txapelketarako borrokan jarraituko dute oraindik.
Senior mailakoei dagokionez, datorren asteko asteburuan Zaragozan izango dute Espainiako Txapelketa maila absolutuan, eta jarraian, ekainaren 21ean, Zarautz Altxa Saria jokatuko dute.
Hona hemen asteburuko emaitzak:
- Erik Exposito, 65 kilo azpiko kategorian: 72 kilo abiadan (9. postua), 87 kilo jasotze-altxatzean (9. postua) eta 159 kilo guztira (8. postua).
- Alex Balentziaga, 88 kilo azpiko kategorian: 117 kilo abiadan (2. postua), 131 kilo jasotze-altxatzean (3. postua) eta 248 kilo guztira (3. postua).
- Lore Mendizabal, 53 kilo azpiko kategorian: 50 kilo abiadan (8. postua), 74 kilo jasotze-altxatzean (2. postua) eta 124 kilo guztira (4. postua).
- Mara Monasterio, 53 kilo azpiko kategorian: 54 kilo abiadan (3. postua), 72 kilo jasotze-altxatzean (3.postua) eta 126 kilo guztira (2. postua).
- Lide Mendizabal, 58 kilo azpiko kategorian: 57 kilo abiadan (7. postua), 76 kilo abiadan (3. postua) eta 133 kilo guztira (4. postua).
- Ainhoa Urkiola, 63 kilo azpiko kategorian: 63 kilo abiadan (4. postua), 77 kilo jasotze-altxatzean (5. postua) eta 140 kilo guztira (5. postua).