Traineru denboraldiko lehen hitzordu ofiziala jokatu dute gaur goiz partean Orioko uretan. Gipuzkoako traineru txapelketa jokatu dute Orion, eta lurraldeko klubak bertaratu dira, haien koloreekin herria jantziz. Zarautz Arraun Elkarteak bi ontzirekin hartu du parte, eta biek ere lan bikaina egin dute.
Beteranoen estropadaren ondoren, gizonen txanda izan da. Zarauzko Enbata lehen txandan aritu da, Lapurdi eta Errenteriako Hibaikaren batera. Atzetik aurrerako estropada egin dute zarauztarrek, hiru ziabogetan lapurtarren atzetik izan direlako. Laugarren luzean, ordea, hortzak estutu dituzte, eta aurrea hartzeko gai izan dira, bere txandako denbora onena eginez (20:38,80). Bigarren txandan aritu den Zumaiak eta hirugarrenean lehiatu den Getariak baino denbora hobea egin du Zarautzek, eta seigarren postuan amaitu du txapelketa.
Emakumeen estropadan, sorpresa eman dute zarauztarrek. Hamar traineru aritu dira banderaren bila, eta lehen txandan aritzea tokatu zaio Zarautzi. Bere txanda erraz irabazi dute zarauztarrek 11:17,17 denborarekin. Bigarren txandan aritu diren ontziek, eta hirugarrenean lehiatu den Oriok baino denbora hobea egin dute gaur urdinek, eta, hirugarren denbora onena eginez, brontzezko dominarekin itzuli dira etxera.