June Agirrezabalagak irabazi du Talai Mendi Trail

Intza Trula 2025ko eka. 1a, 09:30

June Agirrezabalaga atzo, V. Mendi Traileko helmugara heltzen. (Intza Trula)

253 korrikalarik parte hartu zuten atzo Orion jokatutako mendi lasterketan. June Agirrezabalaga zarauztarra emakumezkoetan lehena izan zen (01:13:48); gizonetan, berriz, Ibai Makazaga oriotarra nagusitu zen (01:00:32).

Korrika egiteko eguraldi apartarekin jokatu zuten atzo arratsaldean V. Talai Mendi Trail lasterketa, Orioko plazoletan hasi eta amaituta. Orotara, 253 lasterkari atera ziren txapelaren bila, 198 mutil eta 55 neska, eta hamalau kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Hala, guztietan azkarrenak Ibai Makazaga oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan ziren.

01:00:32ko denboran helmugaratu zen Makazaga atzo, Talai Mendi Trail lasterketan bere laugarren garaipena eskuratuz. Halere, lasterketako errekorrak Gontzal Murgoitio elorriarrarenak izaten jarraitzen du: 58:37ko denboran amaitu zuen ibilbidea berak, 2023. urtean. Gizonetan bigarren postuan amaitu zuen Aimar Larrea antzuolarrak (01:03:07), eta hirugarren egin zuen Josu Mendizabal aiarrak (01:03:56).

Agirrezabalagak, berriz, 01:13:48ko denbora egin zuen bere lehen mendi lasterketan, eta  bere atzetik iritsi ziren iazko txapeldun Laiane Arrospide tolosarra (01:16:55) eta Libana Taboada (01:17:15) oriotarra. Hiru korrikalariak irribarre handi batekin zeharkatu zuten helmuga, egindako lanarekin gustura.

Halaber, bestelako saririk ere izan zen atzokoan: antolatzaileek ibilbidearen puntu batean eskegitako urdaiazpikoa Jorge Aramburu zarauztarrak hartu zuen, eta beste bi lagunekin batera helmugaratu zen, 1:45:55eko denboran. Azkena helmugaratzen Iker Aduriz zarauztarra izan zen (02:09:52). Garaikurra jaso zuen berak, VI. Talai Mendi Trailerako itzuli beharko duena.

Lotura honetan kontsulta daiteke sailkapen osoa.

Jorge Aramburu urdaiazpikoarekin helmugara heltzen, atzo. (Intza Trula)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide