Ikasturtearen amaiera gero eta gertuago dago, eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek hilabete hauetan ateratako argazkirik hoberenak jendaurrean erakutsi nahi izan dituzte. Atzo arratsaldean zabaldu zuten argazkien mostra Torre Luzean, eta elkarteko kideez zein herritarrez gain, Xabier Txurruka alkatea eta Irune Urbieta Euskara zinegotzia ere izan ziren irekiera ekitaldian.
Argazki koloretsuak dira batzuk, eta zuri beltzean ateratakoak dira beste hainbat. Horizontalean egindakoak dira asko, baina bertikalean egindakoak ere badaude. Orotara, hamazazpi argazkilarik parte hartu dute Torre Luzeako mostran; bakoitzaren bi argazki ikus daitezke erakusketan, hain justu ere.
Hori hala, argazki bilduma bisitatu nahi dutenek ekainaren 29ra arte izango dituzte Torre Luzeako ateak zabalik. Hain zuzen ere, asteartetik igandera egongo da zabalik espazioa, 18:00etatik 20:00etara.