Bihar hasiko da Zarautzen udako TAO denboraldia eta, horrekin batera, arauturiko aparkaleku gune guztietan ordaindu beharko da, gune urdinetan zein denboraldiko aparkalekuetan -gune berdea-.
Ohiko arauez gain, denboraldi honetan aparkaleku mistoak jarri dira indarrean, non 1. eta 2. eremuetako egoiliarrek aparkatu ahal izango duten. Eremu mistoen zerrenda osatzen duten guneak hurrengoak dira: Lapurdi kalea, Herrikosoro kalea, Aitza kalea eta Hegoaldeko aparkalekua.
Zarauzko Udalak gogorarazi du herrian erroldatuta dauden ibilgailuek, alegia zerga Zarautzen ordaintzen dutenek, lehen orduerdiko tartean doan aparkatzeko aukera izango dutela ticketa eskuratuta bakarrik (parkimetroan aterata edo app bidez). "Ticket hori ez da fisikoki lortu behar ezta ibilgailuan bistan jarri behar, baina parkimetroan edo aplikazioan erregistratu behar da", azaldu dute.
Iazko udan egokitu ondoren, udalak gehitu du aurten ere Hegoaldeko aparkalekua izango dela herriko aparkalekurako "erreferentzia guneetako bat", eta Astikoarekin batera, erdigunean sartu beharrik gabe aparkalekua bilatzeko bi gune nagusiak izango direla.
TAO txartela
Duela hilabete batzuk jarri zuten martxan Zarauzko bizilagunek TAO txartela berritzeko kanpaina. Oraindik izapideak egin gabe daudenak edo zalantzak dituztenak, Zarauzko TAO bulegoarekin jar daitezke harremanetan, 943 83 22 63 telefonora deituta edo Urdaneta kaleko 5. zenbakira joanda.
Informazio gehiago nahi izanez gero, TAOren udal ordenantza eta herriko aparkaleku arautuen mapa kontsulta daitezke udal webgunean.