Gaztetxo irakurleak Zarautzen elkartuko dira igande honetan

Intza Trula 2025ko mai. 30a, 11:00

Apirilean gaztetxoek egindako topaketa Oiartzunen. (Nerea Loiola)

Irakurzaletasuna atsegin duten ehun gaztetxo elkartuko dira Salbatore Mitxelenan, eta literaturari lotutako jarduerak eta elkar ezagutzeko jolasak egingo dituzte.

9 eta 12 urte bitarteko gaztetxo irakurleen topagune izango da igande honetan Zarautz. Izan ere, hainbat herritako irakurle taldeen ekimenez, gaztetxoentzako topaketa egingo dute Salbatore Mitxelena ikastolan. Apirilean antzeko saio bat egin zuten Oiartzunen (Gipuzkoa), eta Zarautzerako egokitu dute oraingoan. Goizetik hasi eta iluntzera arteko egitaraua prestatu dute, besteak beste, diziplina horri lotutako ekintzen bitartez umeek elkar ezagutu dezaten.

Zarauzko Haurren Irakurle Taldea dinamizatzen du Nerea Loiolak, eta hark kontatu duenez, azkenaldian gorakada nabarmena izan dute irakurle talde horiek. "Gero eta herri gehiagotan ari dira osatzen taldeak". Elkarrekin zerbait egitearekin ados agertu ziren talde horietako dinamizatzaileak, eta "sarea" martxan jartzeari ekin zioten. Hori hala, urria aldera abiatu zuten lehen egitasmoa elkarlanean. Haurrak bikoteka jarri zituzten; hau da, haur bat beste herri bateko haur batekin jarri zuten harremanetan, eta elkarren artean gutun trukeak egiten hasi ziren. Loiolak kontatu duen moduan, literatur gustuak partekatzeko erabili dituzte idazki horiek, baina baita musika edota kirol gustuak partekatzeko ere. Horrez aparte, Oiartzungo haurrek gauzatzen duten irratsaioan kolaborazioak egin dituzte. 

Gipuzkoako zein Bizkaiko herri hauek ari dira egitasmoan parte hartzen: Zarautz, Oiartzun, Iurreta, Eibar, Elgoibar, Oñati, Berriz, Zestoa, Orereta eta Getaria. Proiektua martxan  jarri zutenetik, hainbat gutun idatzi dizkiote elkarri, eta umeek elkar ezagutzeko aukera izan dezaten, igandeko topaketa antolatu dute.

Ehun haur topaketan

Egun osoko egitaraua prestatu dute iganderako, eta ehun ume inguru bilduko direla aurreikusten du Loiolak. 10:15ean jarri dute elkartzeko hitzordua, Salbatore Mitxelena ikastolan. Ondoren, elkar ezagutzeko jarduerak egingo dituzte; esaterako, bakoitzak bere gutun kidea topatzeko jolas bat prestatu dute. Gainera, koaderno bat ere egingo dute lehen orduetan, egunean zehar bururatzen zaizkien ideiak idazteko edota gertatzen ari dena kontatzeko.

Jarraian, hiru txoko ezberdinetan bereiziko dute topaketa. 45 minutuko hiru tailer prestatu dituzte, eta postu horiek hiru gonbidatu berezik dinamizatuta egongo dira: Xabi Salaberriak ahozko kontakizuna lantzeko tailerra eskainiko du, Peru Madalenak poesia lantzekoa, eta Dorleta Kortazarrek ipuin kontaketa bat eskainiko du. Hori hala, haurrak hiru taldetan banatzea da asmoa, guztiek hiru tailerretan parte hartzeko denbora izan dezaten. Jarraian, bazkaria egingo dute guztiek elkarrekin, eta denbora libre apur bat ere izango dute jatordua amaitzean.

Arratsaldean, berriz, bestelako jarduerak egingo dituzte, hala nola eskulanak egiteko txokoan, liburuen txokoan eta mahai jolasen txokoan parte hartu ahal izango dute. Horrenbestez, topaketa 16:30 aldera amaitzea aurreikusi dute.

Irakurzaletasuna plazerarekin eta dibertsioarekin lotu behar dela iritzi dio Loiolak: "Topaketa honen helburua da umeek irakurketan edota literaturan pentsatzean burura oroitzapen onak etortzea". Halaber, dinamizatzaileak aurreratu du badutela asmoa aurrera begira beste herrietan ere horrelako topaketak antolatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide