Asuntzi Martinez argazkilaria izango da gaur Photomuseumen

Mireia Galarza Bastida 2025ko mai. 30a, 09:30

Asuntzi Martinez (Black Kamera)

Martinez Photomuseumen ikusgai dagoen Munstroak aldi baterako erakusketaren egilea da, eta nahi duenak beraren lanari buruzko azalpenak entzuteko aukera izango du gaur Photomuseumen, 18:00etatik aurrera. 

Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako Gela kulturaren hedapenerako programaren barruan, Asuntzi Martinez argazkilariak bere ibilbidearen inguruko azalpenak emango ditu gaur arratsaldean, 18:00etan hasita. Martinez Photomuseumen ikusgai dagoen Munstroak aldi baterako erakusketaren egilea da, eta nahi duenak Photomuseumera gerturatzeko aukera izango du, sarrerarik ordaindu gabe. 

Aipatutako argazkilaria 1981ean jaio zen Barakaldon. Argazkilaria izateaz gain, idazlea ere bada, nahiz eta kazetaritzan lizentziatu, informatika ikasi eta sistemen arduradun gisa lan egiten duen. Anarkista erlazionala eta transfeminista, #Lasdelalibre kultur aldizkariaren sortzaileetako bat da, ikuspegi feminista, arrazismoaren aurkakoa eta antifaxista duena.

Argazkigintzari dagokionez, Bilboko Argazkigintza Garaikidearen Zentroan (CFC) eta Blackkamera Argazkigintza Dokumentalaren Eskolan trebatu da. Bere lanei dagokionez, 2020an, A pesar de la lluvia bere fotopoema-liburua argitaratu zuen. Gaur egun, bi proiektu ditu abian, Algea eta Hedoné, eta horietan mina eta plazera aztertzen ditu, argazkia tresna gisa erabiliz. 2023an, Basque Dok Festivaleko Portfolioen Berrikuspena irabazi zuen, Los monstruos proiektuarekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide