Musika Kaxa

Plazarik plaza, gustura

Intza Trula eta Gorka Eizagirre 2025ko mai. 31a, 10:00

Fan&Go taldeko gitarra jotzaile eta abeslari Irati Orbegozok erantzun zituen apirilean Zarautz Guka aldizkariko Musika kaxa-ko poligrafoaren galderak.

Zein da gogoratzen duzun emanaldi bereziena?

Bi datozkit burura. Bata, Garagardo Azokako emanaldia, denboraldiko lehenengoa izaten baita. Bertan, abesti berriak estreinatzen ditugu, eta oso giro polita sortzen da. Bestea, Azken Portuko jaietako kontzertua.

Zer duzu nahiago, gitarra jotzea edo abestea?

Galdera zaila, biak baititut gustuko. Gitarra jotzen umea nintzela hasi nintzen, baina abestea gero eta gehiago gustatzen zait.

Zein iruditzen zaizu parranda bat amaitzeko abesti perfektua?

Zerbait indartsua; Kaotiko taldearen Otra noche, adibidez.

Inork espero ez duen zein abesti kantatzen duzu ezkutuan?

Hori sekretua da, baina Garagardo Azokarako baditugu pieza batzuk prestatuta, bertan estreinatzeko.

Norekin egingo zenuke kolaborazio bat?

Izugarri gustatuko litzaidake Xabi Solanorekin elkarlanean zerbait egitea, txikitatik entzuten baitut bere musika. Gitarrarekin zerbait berezia egiteko, berriz, Eñaut Elorrieta edo Idoia Asurmendi hautatuko nituzke.

Nor da taldekiderik xuhurrena?

Haserretu egingo zaizkit hau entzutean, baina, agian, Ibai esango nuke, gitarra jotzailea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide