Ene!

Inauteriak

Javier Aramendi 2025eko ekainaren 1a

'Los bailes de espada y sus símbolos' liburua.

Javier Aramendik apirileko Zarautz Guka aldizkarirako idatzi duen iritzi artikulua da honakoa.

Inauteri garaia heltzen denean, komunikabideek eskaintzen dituzten erreportajeetan urteroko leloa aditu edo irakurri ohi da: neguan lo egon den natura poliki-poliki esnatuko da inauterietako ekitaldi zalapartatsuen bidez. Horren adibide, Santa Ageda bezperako makilkaden hotsa, inauterien aurreko lehen zarata saioa, edo joaldunen joareen dunbotsa, inauteri garai bete-betean dagoeneko. Lozorroan dagoen naturak denbora luze samar behar baitu erabat esnatzeko, nonbait.

Juan Antonio Urbeltz koreografo, dantza ikerlari eta antropologoak bestelako teoria proposatzen du aspaldi idatzi zuen Los bailes de espada y sus símbolos liburuan (Pamiela, 2000). Barka nazala irakurle zoliak daturen bat edo beste oker edo modu lausoan ematen badut, baina buruz ari naiz. Uste dut liburu horretan irakurri nuela naturaren esnatzearen teoria Julio Caro Baroja historiagile eta antropologoarena dela, berak proposatu zuela, ikuspuntu horretatik ulertzen baitu inauteri tradizionalen izaera eta funtzioa zein den.

Urbeltzen aburuz, ordea, hotsaren eta zalapartaren helburua eltxo, oti, euli eta abarren izurriak uxatzea da, modu sinbolikoan, eta praktikoan ere bai, zarataren bidez larbak akabatzeko; hurre dagoen udaberrian basoak, zelaiak eta soroak loratu orduko, horrekin batera etorriko diren intsektu eta zomorro izurriteak gutxitzeko. Hori dela eta, zomorro-mozorro hitzak lotzen ditu. Finean, nekazari mundutik, nekazaritza nagusi zen garaitik, datorren tradizioa da bien aztergaia.

Liburua irakurri nuenean, Urbeltzen proposamenaren ikuspuntua guztiz berritzailea iruditu zitzaidan. Barojaren eta Urbeltzen teoriak bata bestea bezain sinesgarriak eta egiantzekoak izango dira seguruenik, ez naiz horretan aditua, baina azken horren teoriaren oihartzunik ez da ageri inoiz komunikabideek ematen dituzten azalpen horietan, beharbada, Barojarena erromantikoagoa, sinbolikoagoa, delako; eta Urbeltzena, arrunta, funtzionala, esanahi mitiko-sinboliko horrekin jantzi gabea. Hala ere, Urbeltzenak gehiago erakartzen nau.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide