Igande honetan egingo dute Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatutako Haimar Zubeldia Klasikoa. Goizean goiz jarri dute zikloturista martxarako irteera hitzordua: zehazki, 08:00etan abiatuko dira txirrindulariak Aritzbatalde kiroldegi aurretik, eta Urola Kosta eta Goierrin barrena egingo dute itzulia.
Orotara, 160 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek, 2.475 metroko desnibelarekin. Antolatzaileek zehaztu dutenez, zirkuituan zehar ohiko bost igoera egin beharko dituzte: Iturburu, Santa Ageda, Mandubi, Atagoiti eta Etumeta mendateak, hain justu ere.
Gainera, argitu dute martxan zehar atsedenerako edota zerbait jan nahiz edateko beharra dutenek horretarako aukera izango dutela bi anoa puntuetan. Iaz bezala, Salbatoren eta Azpeitian jarriko dituzte postu horiek, ibilbidearekin jarraitzeko beharrezko produktuz hornituta. Halaber, irteera eta helmuga izango den Aritzbatalde kiroldegian ere indarrak berreskuratzeko jan-edana jarriko dute.
Langa igarota
Zarautz Zikloturista Elkarteak jakitera eman duenez, iazko parte hartzaileen kopurua gainditu dute, eta mila txirrindularik eman dute izena aurtengo ekitaldian. Horietatik 960 dira gizonezkoak, eta 40 bakarrik emakumezkoak. Emakumeen kasuan, urtetik urtera parte hartzea handiagoa izan dadin lanean ari direla zehaztu dute antolatzaileek.
Parte hartzaileen jatorriari dagokionean, gehienak Zarauzkoak eta ingurukoak direla nabarmendu dute. Beste batzuk, aldiz, urrutitik datoz; izan ere, Alemaniako, Herberetako eta Estatu Batuetako txirrindulariek parte hartuko dute proban.
Errepideko arauak errespetatzeko gogorazpena ere egin dute antolatzaileek. Kontuan izan behar da martxa errepide irekian egiten dela, eta seinaleztapen arauak zentzuz eta errespetatuz bete behar direla.
Hiru omendu
Aurtengoan ere, modu batera edo bestera txirrindularitzarekin lotura estua duten hiru pertsona omenduko dituzte. Martxa abiatu aurretik izango da hori, irteeran bertan. Hala, Haimar Zubeldiak jakitera eman du Gorka Izagirre, Ainhoa Murua eta Luis Leon Sanchez izango direla aurten aitortza jasoko dutenak.
Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik bere esker ona erakutsi dio Zarauzko Zikloturista Taldeari. Herriko martxa batek mila parte hartzaileko muga gainditzea "oso esanguratsua" dela iritzi dio zinegotziak.
Josune Diez Laboral Kutxako ordezkariarentzat "ohore" bat da Haimar Zubeldia Klasikoaren babesle nagusia izatea, "herriko kirola bultzatzea garrantzitsua baita".