Aita, zein da zure ametsa, eta zergatik ez duzu egia bihurtzen?". Galdera horrekin hasi zen guztia duela sei urte. "Barrura begiratu", eta urtebetez kanpoan bizitzeko ilusioa zuela konturatu zen Zigor Saizar, eta alaba zaharrenak galdera hori egin zionean mahaigaineratu zuen asmoa. Irakaslea da Saizar, eta aukera izan zuen bost urtez soldata txikiagoa kobratzearen truke, urte sabatikoa hartu eta amesten zuen esperientzia bizitzera joateko.
Hasiera batean, Amerikako Estatu Batuetara joatea zuen asmoa, New Yorkera, zehatzago esanda. "Hiru aldiz-edo izanda nengoen han, turista bezala, baina nik bertako bat gehiago izan nahi nuen. Alabak nirekin etorriko zela esan zidan, nahiz eta azkenean ez zen posible izan. Hala ere, aurrera egitea erabaki nuen", dio Saizarrek.
Handik denbora batera elkar ezagutu zuten Nerea Urdangarinek eta biek, eta bidaiara batu zitzaion. New Yorkeko etxebizitzen alokairu prezioak, baina, oso garestiak ziren, eta langileentzako bisa ere lortu ez zutenez, asmoak zertxobait aldatu egin zituen bikoteak. Lagun batek gomendatu zien Asia hego-ekialdera joatea, eta horrelaxe egin zuten. Urdangarinen hitzetan, leku batean geldirik egoteko asmoa izatetik, "esperientzia nomada bat" bizitzeko hautua egitera igaro ziren. "Kultura oso desberdina da gurearekin alderatuta, eta horrek interesa piztu zigun", gaineratu du.
Lehen erabakiak hartuta, mapari begira eta pixkanaka-pixkanaka zehaztu zuten zein herrialde bisitatuko zituzten. Azkenean, Vietnam, Kanbodia, Laos, Thailandia, Malaysia, Singapur, Borneo, Indonesia, Filipinak eta Japonia izan ziren. "Gutxi gorabehera, bagenekien zein herrialde ezagutu nahi genituen, baina Hanoin [Vietnam] lehen sei egunetarako ostatua bakarrik hartuta joan ginen, eta hortik aurrerakoa sentipenen arabera erabaki genuen, jendearen gomendioen eta guk nahi genuenaren arabera", dio Urdangarinek. Horren erakusgarri, adibide bat jarri du bikoteak: "Pentsa, bidaiaren bukaera ez zen izan guk esperotakoa; Filipinetan amaitzea pentsatzen genuen, eta Japonian bukatu genuen".
Bidaiatzeko moduak
2023ko irailean hegazkina hartu, eta Vietnamera joan ziren, motxila esperientziaz beteta itzultzeko asmoarekin. Tokian tokiko bizimodua eta jendea ezagutu ahal izateko, irizpide bat zehaztu zuten: leku bakoitzean hiru egun baino gehiago egotea, gehiago bai, baina gutxiago ez. "Goizean, agian, turismoa egiten genuen, baina gero, bazkalondoren, lasai hartzen genuen, eta nik idazteko aprobetxatzen nuen, eta Nereak, margotzeko", dio Saizarrek. Leku batzuetan hamabost egun ere igaro zituzten, eta irribarre batekin azaldu dute nola leku horietan azkenerako harremanak egiten zituzten bertakoekin.
Horretaz gain, bertako jendearen etxeetan ostatu hartzea lehenesten zuen bikoteak, eta posible zenean sukaldea erabiltzeko modua izatea, haiekin "elkarbizitza" egin ahal izateko. "Azoketara joatea gustatzen zitzaigun, besteak beste, bertako elikagaiak hemengoekin alderatuta zeinen desberdinak diren ikusteko, eta jatetxeetara gutxiago joateko", eman dute aditzera. Batetik bestera mugitzerakoan ere ariketa berbera egiten saiatu ziren, eta horrela ikusi zuten, adibidez, nola funtzionatzen zuten bertako autobus zerbitzu askok: "Elikagaiak garraiatzen dituzte pertsonekin batera, hemengo autobusek egin ohi dituzten geldialdirik ez dute egiten...".
Modu horretara bidaiatu ahal izateko, "altxorrik handiena denbora izatea" dela adierazi dute. "Guk ez geneukan presarik, eta abantaila handia geneukan alde. Gainera, jakin behar da erabakiak hartzen, eta bisitatzea pentsatzen zenuen zenbait leku albo batera uzten, ezin baita dena ikusi". "Azkartasunaren ideia albo batera utzi", eta denboraren garrantziaz jabetzen laguntzen duen esaldi bat ekarri du gogora Urdangarinek: "Vietamen arroza landatzen dute, Kanbodian arroza ureztatzen dute, eta Laosen arroz landarea nola hazten den entzuten dute. Hemen azkar bizi gara, eta entzuten ere ia ez dakigu". Presarik gabe ibiltzeko aukera zeukatenez, jakitun dira beste modu batera bidaiatzeko aukera izan zutela.
Saiatu arren, ohiko turismo ereduaren hatzaparretan erortzea "saihestezina" izan zitzaiela onartu du bikoteak. "Turistaz betetako lekuak ere bisitatu genituen, baina, oro har, ez dira gure gustukoak izan". Horietako zenbait toki izendatu dituzte: Bali, Indonesian; Phuket, Thailandian... Gainera, leku horietan bizitakoak zer pentsatua ere eman diela adierazi dute: "Ikaragarria da ikustea turistentzako zer-nolako hotelak dauden eraikita, eta bertakoak txabolatxoetan bizi dira. Thailandian, adibidez, marihuana legeztatu egin dute, eta izugarrizko kaltea eragin du, horretan oinarritutako turismo eredua sustatzen ari direlako. Jende asko arrazoi horrengatik joaten da hara, eta leku guztietan ikusten da jendea erreta eta edanda. Adineko jendea ere asko joaten da hara erretiroa hartu berritan, eta ohikoa da ikustea gizon oso helduak neska gazteekin".
Ildo horretatik, nabarmendu dute esperientziak balio izan diela "pertsona zurien pribilegioez ohartzeko" ere, "horrelako lekuetan ez baitute oporrik, astebururik edota jaiegunik". Besteak beste, egoera batzuetan hitzak neurtzeko beharra ikusi zuten. "Pixkanaka-pixkanaka gure hitz egiteko modua egokitzen joan ginen. Azkenerako ez genuen esaten hara joateko urte sabatikoa hartu genuela, horrelakoak entzunda apurtuta gelditzen baitziren bertakoak", azaldu du Saizarrek.
Pribilegioekin jarraituta, hainbat egoera gogor ere aipatu dituzte Saizarrek eta Urdangarinek. "Filipinetako hiriburuan, Manilan, hautsi egin ginen: umeak kartoi gainean lotan, neska oso gazteak haurdun kalean... Daukaguna baloratzeko balio izan zigun horrek". Eta zera gehitu dute: "Herrialdea zenbat eta garatuagoa izan, gizarte klaseen artean orduan eta desberdintasun handiagoa dagoela nabaritu genuen".
Hango jendeaz galdetuta, gertakari jakinen bat edo beste alde batera utzita, biak bat etorri dira Asia hego-ekialdeko biztanleen izaera zintzoa goraipatzen. "Inoiz ez gara sentitu lapurreta egingo diguten beldurrez edo. Behin gertatu zitzaigun gauza baten truke balio zuena baino gehiago kobratu nahi izatea, baina hor sartzen da traturako gaitasuna". Eta hori ere gogoetarako gaia iruditzen zaiela esan dute: "Hemen sekula ez zitzaigun burutik pasatu ere egingo dendari batekin zerbaiten prezioa adosten hastea. Gainera, hango prezioak hemengoak baino baxuagoak dira, eta guk are baxuago izan daitezen nahi dugu".
Bizitzako opariak
Dozenaka leku bisitatu zituzten Urdangarinek eta Saizarrek beren bidaian, eta bat bakarra aukeratzera ausartzen ez badira ere, aurkikuntzarik handiena Borneo izan zela adierazi dute: "Jendea, paisaia, fauna... Hiru herrialdetan banatuta dago: iparraldea Malaysia da; hegoaldea Indonesia da; eta zati txiki bat, Brunei". Bikotea iparraldean ibili zen, Malaysiako zatian. "Garai batean bi herrialde independente ziren, Sabah eta Sarawak. Beraien izaera propioa dute, hemen Euskal Herriarekin eta Kataluniarekin gertatzen den bezala, baina aipagarria da Malaysiatik bertara bidaiatzeko immigraziotik pasa beharra dagoela", azaldu du Saizarrek.
Leku zirraragarriak bai, baina horiez gain, Urdangarinek egoera bat du ondo gogoan. Etxetik akuarela batzuk eta koaderno bat eraman zituen, gogoa zuenean marraztu ahal izateko. "Barruak hala eskatuta", ordea, formatu handiagoan marraztu nahi izan zuen, eta Laoseko Ban Xang Khong herrian, han bertan eskuz egiten zuten papera erosteko aukera izan zuen: "Beharraren arabera joaten nintzen pintura erosten, baina ostatu hartu genuen etxe bateko armairuan oliozko margo batzuk aurkitu nituen, hasi ere egin gabekoak. Zigorrek utzi zituela ere pentsatu izan dut noizbait, ikaragarria izan zen. Harrezkero, margolan guztiak haiekin egin nituen".
Aurkezpena, poesia moduan
Euskal Herrira itzulita, bizitako esperientziari buruzko hitzaldia eskaini zuten otsailaren amaieran, Pagoeta Mendizale Elkarteak antolatutako saio batean. Aurkezpen berezia egin nahi zuten, eta Saizarrek sortutako poesia erabili zuten. Elaia errariak izena jarri zioten, edo beste era batera esanda, "harat eta hunat hegan dabiltzan enarak, norabide zehatzik gabe, elkarri begiratu eta eguzkia eta itsasoa elkartzen diren tokian pausatzen direnak".
Bikoteak azaldu duenez, "gustura" geratu ziren erantzunarekin, baina azken urrats bat egin nahi lukete: "Polita litzateke beste aurkezpen bat egitea, baina kasu horretan Nereak egindako margolanekin, esperientzia erabat borobiltzeko".