Biribilgunean

Mugak non?

Elaia Aizpurua 2025eko maiatzaren 25a

Euskal Pilota Selekzioko kirolari batzuk. (Euskal Pilota Selekzioa)

Apirileko Zarautz Guka aldizkariko Biribilgunean atalean Elaia Aizpuruak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Euskal selekzioak datorren urtean jokatuko du lehen aldiz Munduko Pilota Txapelketa. Berri pozgarria beharko lukeen arren, kexak eta protestak entzuteko ez dugu denbora gehiegirik itxaron behar izan. Marca egunkariko portada batek eman dit bereziki atentzioa, non dioten kirola politizatzen ari garela Euskal selekzioak horrelako txapelketa batean parte hartzen uzten dugunean. Agian zerbait galdu dut, baina kirola beti izan da bere horretan politika, ezta? Gainera, Marca ez beste egunkaririk ez da kexatu Eskozia edo Galesko selekzioek futbol leihaketetan parte hartu izan dutenean, azken finean, futbolaren historian ezinbesteko garrantzia duten herriak dira, eta futbola ere herri horien kulturaren adierazgarri da. Erraz ulertzen dute hori interesatzen zaienean, aldiz, Euskal Herriarekin eta pilotarekin saminduta ageri dira.

Bitxia da, ez baitute saminik adierazi, ezta portadarik atera ere, Marco Asencio, haur pornografia zabaltzeagatik ikertua izaten jarraitzen duen Real Madrilgo jokalaria, Espainiako selekzioarekin deitu dutenean. Batzuek esango dute errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela, baina ongi pentsatuz gero, Real Madrilgo jokalari batek dituen baliabide guztiekin eta Tito Florenek jarritako dirutza, eskupeko eta abokatu onenekin, oraindik lupapean jarraitzen badu, hanka leporaino sartu duelako da.

Esan bezala, Marca-k ez du portadarik atera Asencioren ikerketaren inguruan, baina bai Anoetan jokatutako Errege Kopako finalerdietan entzun zituen "Asencio, muerete. Asencio, muerete" oihuak kondenatuz, eta, nola ez, azaldu gabe utzi zuten oihu horien zergatia. Marca soilik ez, asko eta asko dira Asencio zuritu nahian dabiltzan hedabideak, Relevo edota El Chiringuito esaterako, baita selekzioaren sare sozialetako kontu propioa ere. Hamaika elkarrizketa eta erreportaje egin dizkiote, eta milaka aldiz galdetu diote Asenciori ea ondo dagoen, ea bisitari gisa jokatzen duen zelaietan jasandako irainek nola eragiten dioten. Bideoko neska adingabeari galdetu beharko genioke, ordea, ea zer moduz dagoen bere erasotzaileetako bat Liga, Errege Kopa, Championsa eta selekzioan jokatzen ikusten duenean, instituzio horien babes osoa jasoz.

Beraz, komunikabideen hipokresiak dioenez, jokalari auzipetu batek eskubidea du bere selekzioarekin jokatzeko, baina kontuz, herri batek ezin du bere historiaren parte den kirol bateko munduko txapelketan lehiatu, politikan sartzen baikara. Ez ditut muga horiek ulertzen, poliki-poliki azal diezadatela behar dut.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide