Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatuta, Mundua pitzatuta dago baina hortxe gabiltza oinez antzezlana ikusi ahal izango da igandean Modelo aretoan, 16:45ean. Harkaitz Cano idazle lasartearraren obran oinarrituta dago, eta Tanttaka Teatroko Miren Arrieta, Sara Cozar eta Asier Hernandez antzezleek taularatuko dute. Ikustera joan nahi dutenek sarrerak Kutxabank atari digitalean eskura ditzakete, baita leihatilan bertan ere.
Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak. Urte batzuk geroago, orain idazlea den alaba liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen esperientzia hori kontatzeko.