Julen Taboada aktore zarauztarra protagonistetako bat den Desagertuta telesaila estreinatu dute Primeran plataforman. Astelehenetik ikusgai dira aurreneko bi atalak, euskaraz. Gaur, berriz, Netflixek gaztelaniazko bertsioa estreinatuko du –aldi berean filmatu dituzte euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak–. Datozen asteetan, astero atal bat sareratuko du EITBren Primeran plataformak. Netflixen, berriz, hemendik hilabete batzuetara estreinatuko dute euskarazko bertsioa.
Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeek sortu dute lana, kuadrilla gazte bati buruzko fikziozko telesaila. Desagertuta dagoen gazte baten inguruan osatu dute trama, eta Orioko bizilagun Jon Lukas aktorearen pertsonaia da desagertuta dagoena. Gainerako aktoreen artean, izen ezagun asko daude: Itziar Atienza, Gorka Otxoa, Sara Cozar eta Ainhoa Larrañaga, besteak beste.