Zarauzko Udaltzaingoa dagoeneko hartu du eguneroko martxa Nafarroa kaleko egoitza berrian. Hori horrela, udalak eraikin berria publikoki erakusteko unea iritsi dela erabaki du, eta aste honetan zehar bisita gidatuak eskainiko ditu eraikinera, herritarrek Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza berria barrutik ezagutu dezaten.
Guztira, sei saio antolatu dituzte astearen bukaeran. Ostegunean, arratsaldez izango dira bisitak–16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan– eta ostiralean, aldiz, goizez –10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan–. Saioetan parte hartzeko nahikoa izango da Udaltzaingoaren egoitzaren sarrerara gerturatzea, aipatutako hitzorduetako batera. Bisitak puntualtasunez hasiko direnez, ordurako bertan egotea eskatzen zaie herritarrei.