Prozesu irekia abiatuko dute Zarauzko LGTBIQ+ diagnostikoa lantzeko

Aritz Mutiozabal 2025eko maiatzaren 19a

Emakumeen Etxea, Belauntzaran plazan. (Guka)

Udaleko Berdintasun departamentuak kolektiboaren udalerriko errealitatea identifikatu nahi du. Ostegun arratsaldean lehen bilera irekia deitu du, Emakumeen Etxean.

LGTBIQ+ diagnostikoa lantzeko prozesuari ekingo dio Zarauzko Udalak, kolektiboaren udalerriko errealitatea sakon ezagutzeko asmoarekin. Egitasmoa Berdintasun Planaren barruan kokatzen da, eta LGTBIQ+ pertsonek Zarautzen bizi dituzten oztopo nagusiak identifikatzea ez ezik, haien beharrak eta eskaerak ezagutzean izango du helburu. Prozesua ostegun honetan abiatuko dute, 18:30ean, Emakumeen Etxean egingo duten bilera irekian.

Diagnostikoaren helburuak eta lan-metodologia azalduko dituzte lehendabiziko saioan, eta, era berean, bertaratzen direnen estreinako inpresioak eta testigantzak jasoko dituzte. Horrez gain, galdetegi bat jarriko dute martxan, online bidez erantzuteko eta interesa duten herritar ororen parte hartzea sustatzeko.

Diagnostikoari esker, udalak neurri zehatzak diseinatu nahi ditu, eta uste du baliagarria izango dela tokiko LGTBIQ+ sareak indartzeko, erakundeen arteko elkarrizketa hobetzeko eta kolektiboaren errealitatea herritar guztiengana hurbiltzeko. "LGTBIQ+ diagnostikoa politika publiko eraginkorrak diseinatzeko lehen urratsa da, diskriminazioak saihesteko eta pertsona guztiak, sexu-orientazioa edo genero-identitatea gorabehera, Zarautzen eskubide eta aukera berdintasunez bizi ahal izatea bermatzeko", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.

Udalak kolektiboaren errealitatea ikusarazten jarraitzen duela azpimarratu dute, hainbat kultura, hezkuntza eta sentsibilizazio ekintzen bidez. Horretarako, hainbat adibide eman nahi izan dituzte: maiatzaren 31ra arte, Emakumeen Etxeak Ni naiz Naizena argazki-erakusketa hartuko du; Antoniano eta La Salle ikastetxeetan, escape room formatuko hezkuntza-jarduerak egingo dira, LGTBI+ gaiak landuz, prebentzio eta sentsibilizazio ikuspegiarekin; eta aurreko urteetan bezala, udalak, Emakumeen Etxeak eta ikastetxeek ortzadar pankartak zintzilikatu dituzte Naizena naizela onartua leloarekin, eta espazio publikoak banderolekin eta beste elementu sinboliko batzuekin apaindu dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide