Distantzia ertaineko Europako Triatloi Txapelketan bosgarren egin du Ainhoa Muruak

Julene Frantzesena 2025eko maiatzaren 18a

Ainhoa Murua txapelarekin eta senideekin nahiz lagunekin. (Utzitakoa)

Zarauztarrak ez ezik, Julen Lopetegi azpeitiarrak ere emaitza bera lortu du. Espainiako selekzioarekin aritu ziren biak: Muruak lau ordutan, 25 minututan eta 17 segundotan osatu zuen ibilbidea, eta Lopetegik hiru ordu, 53 minutu eta 33 segundotan. Gainera, zarauztarrak Espainiako selekzioaren omenaldia jaso zuen, egindako ibilbidea dela eta. Mila triatleta inguruk parte hartu zuten proban.

Distantzia ertaineko Europako Triatloi Txapelketan bosgarren egin du Ainhoa Murua zarauztarrak, eta bere emaitza bera eskuratu du Julen Lopetegi azpeitiarrak ere. Atzo izan zen proba, Iruñean, eta helmugara iristen bosgarrena izan ziren Espainiako selekzioarekin aritu ziren bi triatletak.

1,9 kilometro igerian, 85 kilometro bizikletan eta 21 kilometro lasterka egin zituzten parte hartzaileek, eta lau ordu, 25 minutu eta 17 segundotan bukatu zuen ibilbidea zarauztarrak; azpeitiarrak, berriz, hiru ordu, 53 minutu eta 33 segundo behar izan zituen helmugara iristeko. Muruak, gainera, Espainiako selekzioaren omenaldia jaso zuen proba bukatzean; hain zuzen ere, Joko Olinpikoetan nahiz probetan egindako ibilbidea aitortu zioten hari.

Mila triatleta inguruk parte hartu zuten proban, eta gizonetan irabazle Guillem Montiel izan zen, lasterketa 3 ordu, 44 minutu eta 56 segundotan bukatuta. Ognjen Stojanovic izan zen bigarren (3:46:16), eta Fernando Zorrilla (3:49:26) hirugarren. Beraz, irabazleak baino zortzi minutu pasatxo gehiago behar izan zituen Lopetegik helmugaratzeko.

Emakumeetan, berriz, Marta Lagownik izan zen garaile, ibilbidea 04:13:04 denboran gauzatuta, eta bigarren Marta Lombardi izan zen; hirugarren, berriz, Maria Varok egin zuen. Murua, beraz, irabazlea baino hamabi minutu pasatxo beranduago iritsi zen helmugara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide