Musika, dantza eta jan-edana Meagan, sanisidroen azken txanpan

Intza Trula 2025eko maiatzaren 18a

San Isidro jaietako azken eguna dute gaur Meagan. Goizean zehar, sagardo dastaketa, dantza ikuskizuna eta patata tortilla txapelketa egin dituzte.

Lau egunen ostean, San Isidro festak bere amaierara heltzen hasi dira, gaur baitute azken eguna. Hala eta guztiz ere, ondo pasatzeko gogoz jarraitzen dute oraindik auzotarrek, eta gaur ere jai giroa izan da nagusi Meagan.

12:00etan hasi dute gaur eguna, Gure Txeru dantza taldearen emanaldiarekin. Eguzkiak gogor jotzen zuen une horretan, eta ikusle gehienek gerizpea bilatu nahi izan dute gaztetxoen emanaldiaz gozatzeko. Jarraian, sagardoa eta txerriki errea dastatzeko aukera izan da, Izerren eta Alabierren musika saioak girotuta. Beranduxeago, patata tortilla txapelketa jokatu dute.

Festei ofizialki amaiera eman aurretik, sabela betetzen jarraitzeko bazkaria egin dute auzo elkartean. Arratsaldean, Izerrek eta Alabierrek girotuko dute auzoa, eta ondoren ikurrinaren jaitsiera egingo dute, festak agurtzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide