Liburuaren apirileko kanpainak gainean ditugu, eta aurrea hartu behar diot olatuari: ez, ez, ez, best seller-ikan ez!
Ezer baino lehen, gogoeta bat: engantxatuta nago, esaten dugu. Ea, zer testuingurutan da hori ona? Niri kasu bakarra bururatzen zait: telesail edo nobela komertzial bati izatea. Bestela, engantxatuta, malo.
Gaur egun, literaturaren funtzio galera bistakoa da. Garai batean, nazioak justifikatzeko balio zezakeen. Adibidez, Mio Cid irakurrarazi digute, Espainiaren batasun urraezina argi uzteko; baina orain eraginkorragoak dira Frantziako Tourra eta Espainiako Liga. Literaturak librepentsalari egiten gaituenik ere ez dakit inork sinesten duen dagoeneko. Pertsona hobeak egin, akaso? Kia! Irene Vallejok ederki azaldu izan du: literaturak ez gaitu hobeak egiten, hori norberaren erantzukizuna da. Eta, orduan, zer geratzen zaigu? Bada, plazera, ez besterik, disfrutea. Baina, gauzak zer diren, horixe da kapitalismo basatienaren oinarrietako bat: plazeraren merkatua.
Zein den arazoa? Batetik, irakurketa horiek gizartearen ikuspegi hegemonikoa erreproduzitzen dutela (gainera, gaztelaniaz irakurtzen ditugu ia beti). Engantxea helburu bakar duen testuak, geruzarik eta erronka estetikorik gabeak, ez du irakurketaren ikuspegi dialogikoa oinarri. Nekez aurkituko dugu testu horretan geure buruarekin eta gizartea osatzen duten ahotsekin eztabaidan jarriko gaituen konplexutasunik, are gutxiago hizkuntza literarioaren edertasunik eta horrek irakurleari eskatzen dion ahaleginik.
Bestetik, paradoxa bat sortzen da: irakurketa irakurketaren kontra. Izan ere, inoiz baino gehiago irakurtzen da gaur egun, baina nagusi den irakurketak (arina, mobilekoa, best seller-a…) oztopatu edo zaildu egiten du beste irakurketa mota bat.
Marta Sanzek, hitzaldi batean: "La pregunta es hasta qué punto los textos que debemos descodificar para sobrevivir en una cotidianidad cada vez más tecnológica propician un tipo de lectura que nos aleja de la comprensión y disfrute de la literatura”.
Inork esango dit zerbait irakurtzea hobe dela ezer ez irakurtzea baino. Ba hori ere ez dakit egia ote den. Best seller batera engantxatuta egotea baino, ez ote da hobe (telefonoa baztertu eta) loretan den sagastiari begira egotea?
Apirila gainean dugu: erosi dezagun literatura ona euskaraz. Ez, ez, ez, best seller-ikan ez!