Getariako bizilagun Barbara Stammel artista alemaniarraren Hilde, haurtzaroa eta vanitasak erakusketa bisitatzeko irteera antolatu du Emakumeen Etxeak. Mostra Irungo Menchu Gal Museoan dago ikusgai, eta bertara joan nahiko lukeenak Emakumeen Etxean bertan eman dezakete izena edo 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta, Jarduera doakoa da, baina plaza mugatuak daude.
Maiatzaren 24an izango da irteera, eta bisita gidatua 12:00etan egingo dute, Maria Jose Aranzasti erakusketaren komisarioaren eta Barbara Stammel artista beraren eskutik. Erakusketa honetan, artistak bere jakituria piktorikoa zabaltzen du Hilde hildako amaren erretratu indartsuen bidez, oroimenean eta memorian murgilduz. Era berean, haurtzaroa dago, subkontzientea erretratuaren bidez aztertzen duena, eta vanitasak, denboraren igarotzea eta haren iheskortasuna jorratzen duten ispiluen gaineko elektrografiak.
Gisa honetako jarduerekin, "topagune, hausnarketa eta kultura sustatzen jarraitu nahi dugu ikuspegi feministatik", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak.