Zarauzko lau kirolarik jasoko dituzte Basque Team fundazioko laguntzak

Juan Luis Romatet 2025eko maiatzaren 16a

Usoa Ostolaza txirrindularia, beka jaso duten beste kirolari batzuekin. (BAT Basque Team)

80 kirolarik jasoko dute bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak, eta horien artean dira Zarauzko lau lagun. Eskualdeko beste bi kirolarik ere jasoko dituzte fundazioaren bekak. 

Bikaintasunezko lehiaketara bideratutako diru laguntzak edo bekak eman ohi ditu Basque Team fundazioak. Fundazioko patronatua bilduta, beka horietara bideratutako diru kopurua 991.500 eurokoa izango dela iragarri du. Laguntza jasoko duten lagunen zerrenda ere plazaratu du fundazioak. 80 kirolarik (40 emakume eta 40 gizon), hemeretzi entrenatzailek (hamasei gizon eta hiru emakume) eta hiru epailek (emakume bat eta bi gizon) jasoko dituzte aurrerantzean beka horiek. 

Laguntzak jasoko dituzten 80 lagun horien artean Zarauzko lau kirolari daude: apirilean El Salvadorko Tourrean bigarren egin zuen Usoa Ostolaza txirrindularia; iazko udan Olinpiar Jokoetan aritu zen eta munduko mailako Championship Tour lehiatzen ari den Nadia Erostarbe surflaria; kirol berean aritzen den Keoni Lasa, eta Orioko sofbol taldean aritzen den Esti Alvarez. 

Eskualdeko beste bi kirolari ere aukeratu ditu fundazioak laguntzen onuradun izateko: Orioko sofbol klubean aritzen den Sara Loidi oriotarra, eta Janire Gonzalez Etxabarri surflari zumaiarra. 

Baldintza zorrotzak

Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza zorrotzak jartzen ditu Basque Team fundazioak. Aurreko denboraldian lortutako emaitzak baloratzeko irizpide zorrotzak bete behar dira, bai markei dagokienez, bai parte-hartzeari dagokionez, maila absolutuan, nazioarteko txapelketa eta lehiaketetan: Europako txapelketak, Munduko txapelketak eta Joko Olinpiko eta Paralinpikoak.

Bekadunek, laguntza ekonomikoez gain, laguntza biomedikoak, laguntza teknikoak, fisioterapia eta berregokitze zerbitzuak, kirol psikologiako zerbitzua, irudi eta komunikazioko zerbitzua eta arlo akademikoko eta lan-munduan sartzeko aholkularitza jasoko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide