Euskal Herriko sexu askapenerako mugimenduak antolatuta eta Hiruputzurekin elkarlanean, Tuli-tuli festak hartuko du Hiruputzu bihar arratsalde eta iluntzean, LGTBIQ+fobiaren aurkako egunaren bezperan.
19:00etan hasita, Bollotopaketen inguruko liburu aurkezpena egingo dute, eta jarraian, 20:30 aldera, zizka-mizka transbibollomarika izango da gaztetxean.
Behin sabela beteta, 21:30ean, kontzertuak eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, Katiuskak taldea, Nenu bakarlari donostiarra, DJ Azkurako bi kideak, eta Beroki eta Euskowboy binakakoa igoko dira oholtzara. Antolatzaileek azaldu dutenez, festa horretan "identitate guztiak izango dira ongi etorriak, baina ez jarrera guztiak". Sarrerari dagokionez, gehitu dute gomendatutako prezioa 7 eurokoa izango dela (5 euro egoera prekarioetan daudenentzat). Dena dela, gehitu dute "bakoitzak aukera dezakeela prezioa, bere egoeraren arabera".