Zarauzko Beteranoen XXII. ibilaldia egingo dute maiatzaren 25ean

Mireia Galarza Bastida 2025eko maiatzaren 13a

Beteranoen ibilaldiko 2022ko edizioa. (Pagoeta)

Zehazki, bi ibilaldi antolatu dituzte, bata errazagoa eta bestea zailagoa. Ekintzara joan nahi dutenek izena eman beharko dute ostegunean eta ostiralean, Pagoetako egoitzan bertan, eta 33 euro ordaindu.

Pagoeta mendizale elkarteak antolatuta, Zarauzko Beteranoen XXII. ibilaldia egingo dute datorren asteko igandean, hilak 25, Aralar mendiaren ekialdean dagoen Baraibar ingurura. Zehazki, bi ibilaldi antolatu dituzte, bata errazagoa eta bestea zailagoa. Lehenengoa Baraibarren hasiko dute, eta Iribas eta Aitzarrateta inguruetan ibiliko dira, 6,3 kilometro osatu arte. Bigarrengoa, aldiz, Baraibarren hasi eta amaituko dute, Iribas, Basakaitz, Aitzarretako iturburua eta Muzkua muinoa ezagutu ondoren. Kasu horretan, ibilaldia 10,3 kilometrokoa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "eguna borobiltzeko", Baraibar Ostatuan bazkalduko dute.

Ekintzara joan nahi dutenek izena eman beharko dute ostegunean eta ostiralean, Pagoetako egoitzan bertan, eta 33 euro ordaindu -autobusa eta bazkaria barne-. Ohi bezala, irteera Agoueseko biribilgunean izango da, 8:30ean, eta Inurritzako geltokitik ere igaroko dira.  

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide