Zarauzko Udalak, Ingurumen departamentuak sustatuta, hondartzako ordenantza berritzeko prozesu parte hartzailea jarriko du martxan. Horretarako, asteazken honetan, hilak 14, herritarrei zuzendutako bilera bat egingo du, eta bertan, ordenantza aldaketa proposamenak aurkeztearekin batera, herritarren iritzi eta ekarpenak jasoko dituzte. Hitzordua Etxezabala aretoan izango da, 18:30ean hasita.
Udalak azaldu duenez, bileraren helburua izango da ordenantza berriaren zirriborroaren inguruko azalpenak ematea, eta gehitu du dokumentua dagoeneko eskuragarri dagoela udalaren webguneko Parte hartu atalean. Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, Zarautzek hondartzarako ordenantza "eguneratua, argia eta adostua" behar du, gaur egungo iraunkortasun, bizikidetza eta erabilera arduratsuaren erronkei erantzuteko modukoa. Horregatik, "garrantzitsutzat" jo du herritarrek prozesu honetan aktiboki parte hartzea.