Surf egokituaren programa berria abiatu dute udalak eta Kind Surf erakundeak

Intza Trula 2025eko maiatzaren 12a

Aritz Aranburu Kind Surf ekimenaren sortzailea eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia, malekoian. (Zarauzko Udala)

Maiatzean eta ekainean, ostiralero, eskainiko dituzte surf egokituaren saioak. Ikastaroaren helburuetako bat da surf egokituak eta surf terapiak eskaintzen dituen onurak ezagutaraztea.

Surf egokituaren programa berri bat jarri dute martxan Zarauzko Udalak eta Kind Surf elkarteak lankidetzan, aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten gizarte-erakundeei zuzenduta. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, maiatzean eta ekainean eskainiko dituzte saioak, ostiralero.

Hain justu ere, otsailean izendatu zuten Zarautz 2025eko Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu, eta testuinguru horren barruan antolatu dituzte ikastaroak. Izan ere, gaur egun bada aniztasun funtzionala duten pertsonentzako surf egokitua eskaintzen duen Kind Surf programa Zarautzen, Shelter Surf zentroak gidatzen duena, baina plaza guztiak beteta daude. Udalaren esanetan, "egoera horrek agerian uzten du surf egokitua bezalako jarduerek duten gero eta eskari handiagoa, eta eskaintza zabaltzeko premia larria".

Egoera horri konponbidea emateko asmoz antolatu dituzte datozen bi hilabeteetako saioak, eta horiek Euskal Herriko hainbat erakunderi irekita egongo dira: besteak beste, Agifes eta Gautena elkarteei. Ikastaroaren helburuak izango dira surf egokituak eta surf terapiak eskaintzen dituen onurak ezagutaraztea,  Zarautz horrelako jardueretarako erreferente bihurtzea eta lankidetza berriak sustatzea gizarte-eragileekin.

Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendiren esanetan, "surf egokituak bizitzak eraldatzen ditu". Zarautz eraldaketa horren adibide izatea nahi dutela gehitu du zinegotziak, "oztopoak gaindituz eta inklusiorako aukera errealak sortuz kirolaren bidez".

Bere aldetik, Kind Surf ekimenaren sortzaile Aritz Aranburuk kirol horren eraginaz hitz egin du: "Kind Surf-en benetan sinisten dugu itsasoak eta surfak duten botere eraldatzailean, ongizatea eta inklusio-aukerak sortzeko". Surflariak gehitu du Kind Surfek duen eragina zabaltzen jarraitzeko "ilusioz" daudela, "Zarauzko Udalaren laguntzarekin eta kirola guztiontzat izan daitekeela eta izan behar duela uste duten pertsona guztien eskutik".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide