Lege Zaharren enparantzatik hasi, eta Santa Marina ermitaraino, kalez kale ibili dira gaur goizean haur nahiz helduak, txistularien eta erraldoien laguntzarekin, Santa Marina jaien hasiera ospatzeko. 12:30ean bota dute txupina, eta aurtengoan Euskalduna tabernaren jabe izan eta erretiroa hartu duten Felix Borda eta Marian Dulanto arduratu dira bandera igotzeaz, Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariak bertso bana eskaini ondoren. Bikoteak eskerrak eman dizkie bertsolariari baita jai batzordeari ere omenaldi hau eskaintzeagatik.
Festak ofizialki gaur hasi diren arren, ostiralean ekin zieten ospakizunei Santa Marina auzoan, XXXIV. Pilota Txapelketa, XLII. Mus txapelketa eta Slow Times Blues Band taldearen emanaldiarekin. Datorren asteburuan izango dute jarraipena festek eta egitarau oparoa prestatu dute horretarako, eta gaurko eguna amaitu baina lehen, beste hainbat jarduera antolatu dituzte gaztetxoenentzat:
- 17:00. Apaxi ipuin kontalaria haurrentzat.
- 18:00. XVI. Moto eta patinete lasterketa, 6 urte bitarteko haurrentzat (bakoitzak bere motorra edo patinetea ekarri behar du). Parte hartzaile guztien artean Meitai Maitiek oparitutako 3 botila Life Faktory zozkatuko dira.
- Ondoren, entzierro txikia kalean zehar.
- Amaieran, txokolatea banatuko da eta buruhandiak ibiliko dira kalean zehar.