Korapiloa

Arazoa, beti gazteona

Mireia Galarza Bastida 2025eko maiatzaren 10a

Lau gazte, parke batean, paseoan. (Pixabay)

Mireia Galarza Bastidak apirileko Zarautz Guka aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Lanean beti esaten digute gazteak gure hedabidera erakarri behar ditugula, haientzako edukiak sortu, kolektibo horri ahotsa eman. Modu horretara, egiten duguna ezagutuko omen dute, eta herritar gazteenen atxikimendua irabaziko ei dugu. Logika oso erraza du baieztapen horrek, eta ni ere horren aldekoa naiz, ezbairik gabe. Elkarrizketa horrekin jarraitzen dugun bakoitzean, baina, beti ateratzen da sabelaldean ezinegona sortzen didan baieztapen bat: "Garai bateko belaunaldiekin alderatuta, gaur egungo gazteek ez dute konpromisorik erakusten afera desberdinekin". Ziur al gaude horretaz?

Aurreko lerroetan aipatu dudan adibidearekin jarraituta, nire lanak gazte asko ezagutzeko balio izan dit, eta hezurmamituta ikusi ditut ustez existitzen ez diren kezka horien inguruan ekarpenak egin dituzten gazteak: naturaren alde ibaiak garbitzen dituztenak, giza eskubideen alde beste kontinente batzuetara bidaiatu dutenak, txalekoa jantzita kirol probetan beren aletxoa jartzen dutenak... Boteprontoan okurritu zaizkidan batzuk dira horiek, baina gure bilatzailean arakatzen hasiz gero, beste dozenaka adibide topatuko nituzke pantaila aurrean denbora gehiegi egon gabe.

Ez naiz ni hasiko esaten zein adin tarte den gaztetasuna, baina horrela sentitzen direnek gizarteari egiten dioten ekarpena egunerokotasunean ere ikus daiteke, detaile txikietan, askotan kontrakoa sinetsarazten diguten arren: autobusean beren eserlekua pertsona zaurgarri bati uztea, adineko pertsona bati supermerkatuan zerbait erori eta hori jasotzeko makurtzea, erasotua izaten ari den emakume bati laguntza eskaintzea... Hemen ere, iritzi artikulu hau mugagabea balitz, zerrenda luzea egin nezake.

Zama jartzen digute gure motxilan, ardurak eskatzen dizkigute, gure jokabideak epaitzen dituzte, eta horrek, zin dagit, nekatu egiten du. Asko, gainera. Perfekzioa eskatzen zaigu, hori existitzen dela sinetsarazi digutelako. Teorian, dena lortzeko gai gara gazteok, inoiz baino aukera gehiago ditugu, eta horietara iristea gure esku bakarrik dago, betiere gogor lan egiten badugu. Hori esaten dutenek, ordea, ez dute begirada pixka bat zabaltzen, eta ahaztu egiten dira bizitzako arlo guztietan dugun ziurgabetasunak galarazi egiten digula guri ere zimendu gogorrekin aurrera egitea. Eta bai, ardurak izango ditugu, baina eskubideak ere bai, ideologietan sartu gabe.

Beraz, irakurle gazte, nire lankideek aipatzen duten helburu horri tiraka zuregana iristea eta zure kezkak lerro hauetan biltzea lortu badut, pozten naiz. Hemendik aurrera, iritziez harago, saiatuko naiz beste testu mota guztiekin ere zuregana hurbiltzen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide