Silvia Ayerrak hitzaldia emango du gaur Photomuseumen, bertan ikusgai dagoen bere erakusketa dela eta: Esne-hortza izeneko bilduma, hain justu ere. Photomuseumek sustatutako eta Zarauzko Udalak babestutako kultur hedapenerako Gela programaren barruan izango da saioa, 18:00etan, doako sarrerarekin. Hitzaldia amaitzean, tarte bat hartuko dute, entzuleek galderak egin ditzaten.
Ayerraren lanaren oinarria hainbat talde zaurgarriekin lan egitean datza proiektu parte hartzailetan: herriko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea, harrera premian dauden emakumeak, gazte migratzaileak edo aniztasun funtzionala duten pertsonak. Esne-hortza proiektua aniztasun funtzionala duen Jose Antonio Muruzabal osabarekin egindako lan dokumentala da.