Gaur zortzi hasiko da Euskaraldiaren laugarren aldia, eta maiatzaren 15etik 25era gauzatuko da euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa soziala. Parte hartu nahi duten herritarrek, beti bezala, izena eman beharko dute –oraindik bada horretarako aukera–, eta ahobizi edo belarriprest rola aukeratu. Gainontzekoei zein rol aukeratu duten adierazteko, txapa eraman beharko dute paparrean, eta hain zuzen ere, egunotan ariko dira txapak banatzen herrian.
Txapak jasotzeko hainbat gune finko zehaztu dituzte herrian, eta horietan guztietan Euskaraldian izena emateko aukera ere badago; online ere eman daiteke izenematea.euskaraldia.eus helbidean. Honako hauek dira:
- Aritzbatalde kiroldegia, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 11:30era.
- Turismo Bulegoan, astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 15:30etik 19:00etara, eta larunbatetan eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
- Sanz Enean, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Zirikaren lokalean, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara.
- Udal Euskategian, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 12:30era.
- AEKn, astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 13:00etara.