Maite Urteaga txirrindulariak Balmasedako Emakumeen Saria irabazi du

Julene Frantzesena 2025ko mai. 7a, 10:40

Balmasedako lasterketako podiuma –lehen postuan Uterga–. (Eulen Nuuk)

Eulen Nuukeko txirrindulariek Balmasedan izan zuten hitzordua zapatuan, eta Legution igandean. Utergak, larunbateko garaipena tarteko, Euskaldun Txapelketaren sailkaparen buruan jarraitzen du. Asteburua gazi-gozoa izan da Zarauzko taldearentzat.

Asteburua gazi-gozoa izan da Eulen Nuuk taldeko txirrindularientzat. Larunbatean Balmasedan (Bizkaia) izan zuten Emakumeen Saria, eta garaipena poltsikoratu zuen taldeko Maite Utergak; igandean, berriz, Legution (Araba) izan zuten hitzordua, eta ez zuten lan ona egin Zarauzko taldeko kideek.

Balmasedan 80 kilometroko lasterketari egin zioten aurre partaideek, eta Otxaran, Avellaneda eta Bezi mendateak igo zituzten helmugara iristerako. Sei txirrindulariko talde batek ihes egin zuen lasterketan, eta haien artean ziren Uterga eta Aroa Gorostiza Eulen Nuukeko kideak.

Horiek pelotoiarekiko aldea handitzea lortu zuten, eta Uterga izan zen helmuga zeharkatzen aurrena. Gainera, harentzat izan zen mendiko sailkapeneko lehen postua ere. Utergak, gainera, Euskaldun Txapelketaren sailkaparen buruan jarraitzen du gaur-gaurkoz. Gorostiza, berriz, seigarren iritsi zen helmugara, eta horiek nahiz Olatz Marquetek egindako lana tarteko, bigarren izan zen Eulen Nuuk taldekako sailkapenean.

Eulen Nuukeko txirrindularientzat ez zen, baina, hain ederra izan Legution jokatutako lasterketa. Ehun kilometroko eta 1.500 metroko maldadun proba oso motela izan zen, eta moteltasun horri Utergak izandako matxura gehitu zitzaion. Marquetek taldelan oso ona egin zuen, baina txirrindulariak pelotoira batu zirenerako, ihesaldian ziren beste txirrindulari batzuk. Aipatzekoa da, halaber, Intza Nabarro hamaikagarren sailkatu izana.

Eulen Nuukeko txirrindulariek Durangon izango dute hurrengo hitzordua. Punta-puntako txirrindulariekin ariko dira, Durangoko Sari Nagusian.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide