Nadia Erostarbe surflari zarauztarra
Bonsoy Gold Coast Pro txapelketatik kanpo geratu da, bigarren aukeran aurrera egin ezin ondoren. Hasierako txandan Molly Picklum australiarra eta Erin Brooks kanadarra izan zituen aurrez aurre, non australiarrak agindu zuen nabarmen, 15,60 punturekin. Brooks eta Erostarbe eskas aritu ziren, baina kanadarrak 7,93 punturekin egin zuen aurrera, zarauztarrak 5,76 lortu zituen bitartean.
Txapelketan aurrera jarraitzeko itxaropena geratzen zen, hala ere. Bigarren aukerako kanporaketan erosoago eta hobeto surfeatu zuen Erostarbek, nahiz eta erdietsitako 10,17 puntuak ez ziren nahikoak izan hurrengo txandara sailkatzeko. Lehiakide izan zituen Sawyer Lindblad estatubatuarra eta Luana Silva brasildarra gehiago izan ziren, baina oso alde txikiagatik. Silvak 12,60 puntu bereganatu zituen, eta Lindlbladek 11,87 puntu.
Zarauztarrak Western Australia Margaret River Pron izango du hurrengo erronka maiatzaren 17tik 27ra.