Etxebizitza Behatokiak argitaratutako azken txostena kontuan hartuta, Zarautzek baldintza guztiak betetzen ditu udalerri osoa eremu tentsionatu izendatzeko. Hori horrela, beharrezko urratsak berehala egin ditzan eskatu dio PSE-EEk Zarauzko Udaleko Etxebizitza departamentuari.
Era berean, Jaurlaritzari "eskaera formala" berehala bidaltzeko galdegin dio, legeak ezartzen duen moduan, eta "izendapenak eskaintzen dituen tresnak aplikatzeko konpromisoa" har dezala; besteak beste, alokairuak kontrolatzea, etxebizitza publikoen parkea handitzea eta etxebizitza hutsak alokairuan jartzen laguntzea.
“Ezin dugu onartu Zarautzen bizitzea gutxi batzuen luxu bihurtzea. Orain da jarduteko momentua jarduteko”, zehaztu du Zarauzko PSE-EE udal taldeko bozeramaile Inaxio Illarramendik. Horregatik, alderdi sozialistaren iritziz, "izendapenak aukera emango luke alokairuen prezioak mugatzeko eta etxebizitzaren garestitzea geldiarazteko neurri eraginkorrak aplikatzeko, batez ere gazte eta langile familiei lagunduz".
Otsaileko udalbatzarrean onartu zen PSE-EEk aurkeztutako mozioa, EH Bilduren babesarekin, eta bertan Udal Gobernuari eskatu zitzaion Zarautz eremu tentsionatu gisa aitortzeko eskaera egin zezala. "Mozioa onartu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren txostena mahai gainean dugula, ez dago aitzakiarik: Zarautz eremu tentsionatu izendatu daiteke eta hala izan behar du”, adierazi du Illarramendik.
PSE-EEk gogorarazi du Etxebizitza Legeak ezarritakoa administrazioek nahitaez ekin behar dutela, baldintza teknikoak betetzen direnean. Eremu tentsionatu izatea "funtsezkoa" dela nabarmendu du Illarramendik, "Zarautzen etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko". Ez du aukera bertan behera geratzerik nahi, "behar-beharrezkoa delako zarauztarrentzat”. Hori dela eta, eskaera zuzena egin dio udaleko Etxebizitza departamentuari.