Donostiako Lan Arloko 3 zenbakiko Auzitegiak arrazoia eman dio ELA sindikatuak aurkeztutako demandei, eta beraz, BPXport enpresak bere gain hartu beharko ditu Aritzbatalde udal kiroldegiko langileei 2023tik aurrera ordaindu gabeko soldata igoerak.
Izan ere, Auzitegiak adierazi du Zarauzko udal kiroldegirako hitzarmen kolektiboaren 17. artikuluaren I. eranskinak, plantillako kideek Bpxport enpresarekin adostutakoak, ez duela baliorik, eta beraz, legez kanpokoa dela.
Erabakiak Aritzbataldeko 27 langileri eragingo die, eta horiek 2023tik ordaindu ez zaien soldata igoera jasoko dute, %16,30ekoa, hain zuzen ere. ELAk azaldu duenez, Enpresako Hitzarmen Kolektiboa 2023ko ekainean sinatu zen, aurreko hitzarmena oraindik indarrean zegoenean. Sindikatuaren esanetan, hitzarmen berri horrek "soldata igoeren kargu ez egitea zuen helburu", ardura hori etorkizunean zerbitzu horien esleipena jaso zezakeen enpresaren gain uzteko asmotan. Horretaz gain, ELAk adierazi du negoziaketetan ez zegoela fede onik enpresaren aldetik, eta asmoa "erantzukizunari ihes egitea zela". Dena dela, azaldu dute epaia ez dela oraindik irmoa, helegitea aurkeztu dezakeelako kirol enpresak.