Pentsiodunek astelehenetako elkarretaratzeei heldu diete berriro ere

Intza Trula 2025ko mai. 5a, 14:30

Gaur eguerdian Lege Zaharren Enparantzan egindako elkarretaratzea. (Zarauzko Pentsiodunen Mugimendua)

12:00etan elkartu dira, Lege Zaharren Enparantzan, eta aurrerantzean astelehenero ordu berean egingo dutela gogorarazi dute. Herri ekinaldi legegilerako 140.000 sinadura inguru bildu dituztela jakitera eman dute elkarretaratzean.

Zarauzko Pentsiodunen Mugimenduak gaur eguerdian hasi ditu berriro ere astelehenetako elkarretaratzeak. Ohikoa den moduan, 12:00etan bildu dira hainbat lagun Lege Zaharren Enparantzan, eta aurrerantzean astelehenero ordu berean elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak.

Horrez aparte, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) urte hasieran abiatutako sinadura bilketan 140.000 sinadura lortu dituztela ezagutarazi dute gaurko hitzorduan. Bertan, pentsioak osatzeko sistema bat sortu nahian, 60 urtetik gorako pentsiodunei Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareko diru sarrerak bermatzea eskatzen dute. Horrela, Herri Ekinaldi Legegile (HEL) bat eztabaidatzea eta bozkatzea lortu nahi dute Eusko Legebiltzarrean, maiatzaren 15ean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide