Urtero bezala, Zarauzko Udalak udaleku irekiak antolatuko ditu udako hilabeteetarako, "haurrek udan ere aukera izan dezaten euskaraz bizi eta ondo pasatzeko". Udalekuak uztailaren 1etik abuztuaren 14ra izango dira Orokieta Herri eskolan, 9:30etik 13:00etara, eta 2024/2025 ikasturteko HH5 eta LH6 maila artekoek (biak barne) parte har dezakete ekintza horretan.
Bihar irekiko dute izena emateko epea, eta 13an itxiko dute. Udalak azaldu duenez, "matrikulazioa errazteko asmoarekin", aurten izena aurrez aurre emateko aukera izango dute herritarrek Herritarren Arreta Zerbitzuan, Kale Nagusiko 29. zenbazkian, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara eta ostegun arratsaldeetan, 17:00etatik 19:00etara. Honekin batera, matrikulazioa internet bidez egiteko aukera ere eskainiko du, erakundearen egoitza elektronikoan bertan. Horretarako ziurtagiri elektronikoa "beharrezkoa" izango dela azaldu dute.
Joan den urtean egindako aldaketekin jarraituta, uztailean gehienez 320 haurrentzako tokia eskainiko dute eta abuztuan, aldiz, 80 haurrentzako. Dena dela, egoera zaurgarrian dauden haurrek, dibertsitate funtzionaleko umeek eta hizkuntza behar bereziak dituzten haurrek -ikasturtean zehar euskararen ezagutza edo erabilera sustatzeko programaren batean parte hartu badute- sarbide zuzena izango dute eta, honekin batera, Zarautzen erroldatutako haurrek lehentasuna izango dute.
Eskainitako plaza kopurua baino ume gehiagok izena emango balute, udalak azaldu du zozketa egingo dutela, hilaren 16an hain justu ere, 09:00etan. Egunean bertan jakinaraziko die interesa dutenei emaitza, baita ordainketaren itzulketaren nondik norakoak ere.